Itxi

Gizartea

Lapurdi

Emakume bat, oso larri, Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori ondoren; bikotekidea, atxilotuta

EITB Media

IBIS hoteleko bosgarren solairutik salto egin du emakumeak, eta oso larri dago; itxuraz edo agian, aurrekariak dituen bikotekidearengandik ihesi.

  • Ziburuko (Lapurdi) IBIS hotela. Irudia: EITB

    Ziburuko (Lapurdi) IBIS hotela. Irudia: EITB

Ziburun (Lapurdi) asteburuan gertatu dena indarkeria matxista ote den ikertzen ari da ordu honetan Polizia. IBIS hoteleko bosgarren solairutik salto egin du emakume batek eta oso larri dago, itxuraz edo agian, aurrekariak dituen bikotekidearengandik ihesi.

Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, Baionako prokuradoretzak AFP agentziari baieztatu dio gizon bat atxilotu dutela, eta galdekatzen ari direla.

Sud Ouest-ek polizia iturri batzuk aipatzen ditu, bestalde, eta, horien arabera, gizona jadanik "begitan" zuten indarkeria matxistagatik.

Biktima 30 bat urtekoa dela ere jakinarazi dute, eta zauri oso larriak dituela, besteak beste, gerrialdean.

Ziburuko Udalak gertatutakoa baieztatu du, eta Baionako Fiskaltzak ikerketa abiatu du. Gizona hilketa-saiakeragatik atxilotu dute.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.