Itxi

Gizartea

Memoria historikoa

Jaurlaritzak urtero omenduko ditu, apirilaren 14an, Saibigaingo gudaren biktimak

agentziak | eitb media

Gutxienez 128 pertsona desagertu ziren borrokaldi hartan, gehienak euskal herritarrak eta asturiarrak.

  • Saibigaingo omenaldia. Irekia.

    Saibigaingo omenaldia. Irekia.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak instituzionalizatu egingo duela Abadiñoko (Bizkaia) Saibigain mendiko gudako biktimen omenaldia, eta urtero egingo duela, apirilaren 14an.

Sailburuak eta Iñigo Urkullu lehendakariak biktimen senideek Saibigainen bertan antolatu duten ekitaldian parte hartu dute, Gerra Zibileko gudu hori gertatu zela 87 urte bete direnean.

Sailburuak urteurrena instituzionalizatzeko asmoaren berri eman du ekitaldian, eta jakinarazi du 2025etik aurrera apirilaren 14an urtero ekitaldia egingo dutela, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuaren bidez eta "Saibigaingo gudan askatasunaren eta autogobernuaren alde bizitza eman zuten gudari eta milizianoen senideen eskutik".

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, gutxienez 128 pertsona desagertu ziren borrokaldi hartan, gehienak euskal herritarrak eta asturiarrak

Lekukotza batzuen arabera, Saibigaingo gudua 1937ko apirilaren 6tik 15era izan zen. Bi aldeak mendi gainaren kontrola eskuratzeko borrokatu ziren, puntu estrategikoa baitzen Gerra Zibilean.

Lekukoek azaldu dutenez, borrokaldi gogorren ostean, gorpuz beteta geratu zen ingurua.

Melgosaren esanetan, apirilaren 14a "gure gudarien memoria eta omenaldi eguna izango da", eta "euskal memoria demokratikoaren eta frankismoaren aurkako borrokaren leku berezi eta erreferentziazkoa izan behar da" Saibigain.

Eusko Jaurlaritzako kideak, gaur, Saibigainen. Irekia.

Eusko Jaurlaritzako kideak, gaur, Saibigainen. Irekia.