Itxi

Gizartea

GARRAIO PUBLIKOA

Bilboko metroak markak hautsi ditu bart: 512.046 joan-etorri 24 orduan

EITB MEDIA

Bestalde, Bizkaibusek 123.119 bidaiari garraiatu zituen ostegun honetan, behin-behineko datuen arabera. Euskotrenen zerbitzuei dagokienez, gabarraren ekitaldiarekin lotutako eremuan 117.000 bidaiari izan ziren.

  • Moyuako geltokia

    Moyuako geltokia. EFEren artxiboko irudia

Athleticen garaipena ospatzeko atzo antolatutako ospakizunak direla eta, jende oldea izan zuten Bilboko metroan. Markak hautsita, milioi erdi bidaiari izan zituen 24 orduan.

Gabarraren inguruko ikuskizuna dela eta, zerbitzu berezia eskaini zuen atzokoan. Hain zuzen ere, ohiko zerbitzua indartu zuen, 143 joan-etorri gehiago eginez. Gainera, gau osoan zehar ibili dira trenak aurrera eta atzera.

Guztira, osteguneko 06:00etatik ostiraleko 06:00etara, 512.046 joan-etorri zenbatu dituzte.

Ostegun gauerdira arte, 485.338 joan-etorri izan dira, 2018ko San Tomas eguneko marka % 19 hobetuta.

Bizkaibus

Bestalde, Bizkaibusek 123.119 bidaiari eraman zituen ostegunean.

Behin-behineko datuen arabera, EHUrainoko linea guztietan beherakada orokorra izan zen, gabarraren ospakizunagatik hainbat klase bertan behera utzi baitzituzten.

Alde batetik edo bestetik ekitaldiak mugatutako eremuetatik igarotzen ziren lineetako bidaien kopuruak ere behera egin zuen, Bizkaiko campusa Getxorekin, Erandiorekin (itsasadarretik) eta, neurri txikiagoan, Txorierriko lineekin (Moyuara ezin izan ziren sartu) edo Bilboko goiko auzoekin (Santutxu-Begoña) lotzen dituen lineetan.

Hiriburuaren eta herrigune nagusien arteko zerbitzua ematen duten lineetan, berriz, ugaritu egin zen bidaiarien joan-etorria; Bilbo eta Mungia, Lekeitio, Ondarroa, Bermeo, Durangaldea, Enkarterri eta Arratia arteko lineetan, esaterako.

Euskotren

Euskotrenen zerbitzuei dagokienez, gabarraren ekitaldiarekin lotutako eremuan 117.000 bidaiari izan ziren, lanegun batean izan ohi diren 61.000 ingururekin alderatuz, hau da, % 84 gehiago.

Nabarmentzekoa da Matiko (% 290), Uribarri (% 91), Zazpikaleak (% 94) eta Kukullaga (% 71) geltokietako bidaiarien hazkundea; lehenengo hirurak Bilbon eta azkena Etxebarrin.

Gainera, aipatzekoa da 15:00etatik 16:00etara Zazpikaleak geltokian 6.211 bidaiari erregistratu zituztela.