Itxi

Gizartea

Gabarra

Alaitasun zuri-gorriak gainezka egin du Bilbon eta gabarrak itsasadarrean zehar egin duen ibilbide osoan

EITB Media

Bilbon zoramena izan da nagusi: Metroan, Lutxana eta Aiboa geltokietan ez dituzte bidaiari gehiago sartzen utzi, gainez egin dutelako, eta Udalak zenbait errepide aurreikusi baino lehenago itxi behar izan ditu, udaletxeko inguruak, kasu.

0:43
Irudia: EITB

Marea zuri-gorriak 2023-24 Errege Kopako talde txapelduna txalotu du, Bilboko itsasadarraren balkoi, zubi eta bi ertzetatik, gabarra Bilboko udaletxeraino, Athletic Clubek duela lau hamarkadatik lortzen ez zuen titulua ospatzeko.

Arratsalde eguzkitsu batean, jokalari zurigorriek Errege Kopa udaletxeraino eraman dute. Zaleek txaloka, milaka klubaren koloreekin jantzita, Athleticen banderak astintzen hartu dituzte. Duela lau hamarkada Athleticek Kopa eta Liga irabazi zituenean bakarrik ikusitako jendetza. Erauntsi zuri-gorriak Bilbo eta Nerbioi itsasadarraren bi ertzak erabat hartu ditu, gabarra ikusteko zain

Bilbon zoramena izan da nagusi: Metroan, Lutxana eta Aiboa geltokietan ez dituzte bidaiari gehiago sartzen utzi, gainez egin dutelako, eta Udalak zenbait errepide aurreikusi baino lehenago itxi behar izan ditu, udaletxeko inguruak, kasu.

Hasi Getxon eta Bilboko udaletxearen pareraino, mukuru gon da itsasadarraren erribera, zuri-gorria nagusi dela. Jarraitzaile batzuek gaua eman dute han: batzuek autokarabanetan, beste batzuek lo sakuetan, kale gorrian. 

Familian, lagun artean... giro bikaina izan da bazterretan. Gehienek jakiak eta edatekoak eraman dituzte, itxaronaldia samurragoa egiteko. Eguerdirako, ibaiaren ertzak bandera zuri-gorriez eta Athleticen elastikoa zeramaten jarratzaileez bete dira. 

Bilbon ez ezik, jendetza batu da Portugaleten ere. Irudiok, horren erakusle: 

Aurreikuspenaren arabera, milioi bat pertsona baino gehiago biltzea espero zen gabarraren ia 13 kilometroko ibilbidean zehar. Bestela esan, EAEko biztanleriaren erdiak bertatik bertara jarraitu omen du ospakizuna. 

Hain justu, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) larrialdi-fasearen 0 egoera aktibatu du 15:30ean, Bilbon eta inguruan pertsona-kopuru handiak elkartzeak eragin zitzakeen arriskuen aurrean.