Itxi

Gizartea

Euskara

Pasaiako Udalak helegitea aurkeztuko du garbitzaile postuetarako B1 eskatzea errefusatzen duten epaien aurka

Agentziak | EiTB Media

Udalean gehiengoa duten EH Bildu eta EAJren esanetan, "euskararen normalizazioaren aurkako erasoa da" Donostiako bi auzitegik Pasaiako Udalak 15 kale garbitzaileren lanpostuak egonkortzeko lan deialdia baliogabetu izana.

  • Pasaia

    Pasaia

Pasaiako Udalak helegitea aurkeztuko du 15 kale garbitzaileren lanpostuak egonkortzeko lan deialdia bertan behera uzten duten bi epairen aurka. Atzo jakin ahal izan zenez, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 2 eta 3 zenbakiko epaitegiek "diskriminatzailetzat" jo dute B1 euskara eskakizuna eskatzea kale garbiltzaile lanpostuetarako.

Pasaiako EH Bilduk eta EAJk euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat jo dituzte bi epaiak. Bi alderdiek zabaldu duten ohar bateratuan azaldu dutenez, epaitegiek ez dute aintzat hartu euskararen eta gazteleraren elkarbizitza errazteko Euskal Autonomia Erkidegoak azken 40 urteetan izan duen lege-garapena, eta administrazioak bide horretan egindako bidea.

Bi udal talde horiek gogoratu dute herritarrek aukeratzen duten bi hizkuntza ofizialetako batean artatzeko beharra dutela administrazioek. Ildo horretan, euskarazko gutxieneko maila eskatzea zergatik den "diskriminatzailea" galdetu dute.

Are gehiago, auzitegiak hizkuntza politikan "eragile aktibo" bihurtzen ari direla salatu dute, Udalaren autonomia urratuz eta bere hizkuntza-plangintza mugatuz.

Hori dela eta, eskatu dute pasaitarren hizkuntza eskubideak ez urratzeko eta euskararen normalizazioan atzerapausorik ekar dezakeen pausorik ez emateko.

Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bokalek ostiralerako Pasai Antxoko Biteri Plazan, 18:30ean, deitu duten kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute. Gaur, 13:00etan, berriz, udal langileek elkarretaratzea egingo dute udaletxearen aurrean.