Itxi

Gizartea

Ezbehar larria Nafarroan

Pertsona bat hil da eta lau zauritu dira, bat larri, kamioi eta auto baten arteko talkan, AP-15ean, Erriberrin

Agentziak | EITB Media

Hildako pertsona 65 urteko emakume donostiarra da; ezbeharra izan duen autoan zihoan. Hildakoaren semea eta autoaren gidaria larri zauritu da eta helikopteroan eraman behar izan dute. Larrialdi zerbitzuek beste hiru pertsona eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera (Iruñea).

  • Kamioi baten eta auto baten arteko talka Erriberrin. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

    Kamioi baten eta auto baten arteko talka Erriberrin. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Pertsona bat hil da eta beste lau zauritu, horietako bat larri, kamioi batek eta auto batek talka eginda, AP-15 autobideko 46. kilometroan, Erriberrin.

Ezbeharraren ondorioz, errepidea hegoaldeko noranzkoan itxi behar izan dute. N-121 errepidetik desbideratu dute, Foruzaingoak jakitera eman duenez, baina auto-ilarak sortu dira.

Istripuaren lekura Tafallako eta Tuterako trafikoko Foruzaingoaren patruilak, suhiltzaileak, anbulantziak, osasun-langileak eta helikoptero bat joan dira.

Hildako pertsona 65 urteko emakume donostiar bat da; istripua izan duen autoan zihoan, eta ezbeharraren tokian bertan hil da.

Larrialdi zerbitzuek lau pertsona eraman dituzte Nafarroako Unibertsitate Ospitalera (Iruñea), tartean 25 urteko gizonezko bat, autoko gidaria eta hildakoaren semea, larri, helikopteroan eraman behar izan dute.

75 urteko gizonezko bat, hildako emakumearen senarra, arin zaurituta eraman dute suhiltzaileen anbulantzia batean.

Azkenik, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia batean 42 urteko gizonezko bat, kamioilaria, eta kamioian zihoan emakume bat eraman behar izan dituzte, biak ere lepoko minarekin eta pronostiko arinarekin.