Itxi

Gizartea

Osasunbidea

Hitzordura joaten ez diren nafarrak erregistrotik aterako dituzte itxaron-zerrenda luzeei aurre egiteko

Agentziak | EITB Media

Horrela, pazienteak, justifikaziorik gabe hitzordua birritan bertan behera uzten badute edo ez badira joaten, erregistrotik aterako dira eta berme-eskubidea galduko dute. Urteko lehen hiruhilekoan, 31.262 hitzordu bertan behera geratu eta 12.615 galdu dira.

  • Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilaria, Parlamentuko batzordean. Argazkia: EFE

    Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilaria, Parlamentuko batzordean. Argazkia: EFE

Osasunbideak, Nafarroako Osasun Zerbitzuak, itxaron-zerrendak kudeatzeko araudi berri bat ezarri du zentro guztietan, eta bertan ezartzen denez, hitzordua bi aldiz justifikaziorik gabe bertan behera uzten duten edo joaten ez diren pazienteak erregistrotik aterako dira, eta berme-eskubidea galduko dute.

Hala jakinarazi du gaur Fernando Dominguez Osasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuko batzordean, PPk eskatuta. Itxaron-zerrenden gorakadaren eta hartutako neurrien inguruko azalpenak ematea nahi zuen Alderdi Popularrak.

Adierazi duenez, urteko lehen hiruhilekoan 31.262 hitzordu bertan behera utzi dira ospitaleetako modalitate guztietan, eta 12.615 galdu egin dira hitzordua aldez aurretik bertan behera utzi gabe pazientea joan ez delako.

Argazkia: EFE

Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilaria. Argazkia: EFE

Egoera horri buelta emateko, eta itxaron-zerrenda luzeak ikusita, horiek kudeatzeko araudi berri bat ezarriko dela iragarri du kontseilariak. Araudi horren arabera, "hitzorduan huts egiten duten eta sistemarekin harremanetan jartzen ez diren erabiltzaileak itxaron-zerrendatik aterako dira eta berme-eskubidea galduko dute".

Egun berean edo aurreko egunean hitzordua bertan behera uzten dutenen kasuan, "arrazoi justifikatuagatik bada, itxaron-zerrendako antzinatasuna mantenduko da, eta justifikatuta ez badago, itxaron-zerrendako sarrera-data baliogabetze-egunera aldatuko da".

Hitzorduaren data edo zentro jakin bat proposatu eta onartzen ez den kasuetan, kontuan hartuko da zenbat denboraz egin duen proposamena Nafarroako Osasun Zerbitzuak, eta, beraz, "erabiltzaileari 48 ordu baino gutxiago emanez gero, ezezko justifikatutzat hartuko da eta itxaron-zerrendako antzinatasuna mantenduko da".

48 ordu baino gehiagorekin ohartarazten denean, "aukera dago behin justifikatu gabe ezeztatzeko, kasu honetan itxaron-zerrendan sartzeko antzinatasun-data bermatuz, baina berme-eskubidea galduz". Birritan edo gehiagotan ezeztatuz gero, ordea, erregistrotik aterako da "10 eguneko epean justifikaziorik ez badago".