Gizartea
Ospakizuna itsasadarrean
Gabarraz arriskurik gabe gozatzeko gomendioak: hidratatu, seinaleak errespetatu...
EITB
Ertzaintzak emandako gomendioen artean daude ere elementu ezegonkorrak izan ditzaketen arrisku-eremuetan ez kokatzea, adingabeak edo mugikortasun murriztua duten pertsonak lehen lerroan ez jartzea eta denboraz garraio publikoan joatea.
-
Barandetara edo burdin hesietara ez igotzeko gomendioa eman du Ertzaintzak. Irudia. EITB
Athletic Clubek azken aldiz ospatu zuen gabarrako titulua duela 40 urte, nahiz eta tarte luze horretan beste bi superkopa irabazi, horiek ez zuten hain ospakizun berezia merezi izan. Hala ere, 25. Errege Kopa eskuratuta, gabarra zuri-gorriak Bilboko Itsasadarra zeharkatuko du berriro ostegunean.
Ia aurrekaririk ez duen eguna izatea espero da ostegunekoa Bilbon, eta prestatu duten segurtasun dispositiboa ere halakoa izango da. 1.200 pertsona inguruk osatuko dute operatiboa, "airez, lurrez eta itxasoz" Getxotik Bilborainoko bidea zaintzeko. Futbol jokalariek egingo duten ibilbide osoan 47 gune kritiko atzeman dituzte itsasadarraren bi ertzetan, eta hor jarriko dute arreta berezia.
Hori guztia dela eta, Ertzaintzak hainbat gomendio eman ditu jaiaz arriskurik gabe gozatzeko:
- Pentsatu beti pertsonen segurtasuna ikuskizuna bera baino garrantzitsuagoa dela.
- Kontuan izan gabarraz lehorretik bakarrik goza daitekeela, eta ura baimendutako ontzientzat bakarrik dela.
- Ez jarri elementu ezegonkorrak izan ditzaketen arrisku-eremuetan. Itsasadarrean zehar, uneaz gozatzeko nahikoa espazio seguru daude.
- Sarbide mugatuko eremuetan ezarritako segurtasun-eremuak eta seinaleak errespetatu.
- Ez jarri adingabeak edo mugikortasun murriztua duten pertsonak lehen lerroan: aglomerazio handiak gertatuz gero, hesiaren edo barandaren aurka zanpatzeko arriskua egon daiteke.
- Garraio publikoan eta denborarekin hurbildu.
- Ez joan ibilgailu pribatuan eta ez eraman zurekin mugikortasun pertsonaleko ibilgailurik: bizikletak, patineteak, etab.
- Ebakuazio-irteerak eta -ibilbideak beti begi-bistan izan, behar izanez gero nondik alde egin jakiteko.
- Taldean bazabiltza, jendetzan sartu baino lehen, adostu elkargune bat, norbait galtzen bada nora jo jakin dezan.
- Haurrekin bazabiltza, beti eskutik edo besoetan. Hala ere, adingabe bakoitza bere izenarekin identifikatu, eta nonbaiten harremanetarako telefono bat idatzi.
- Norbait galtzen bada, jo larrialdi-zerbitzuetara.
- Garrantzitsua da hidratatzea denbora asko emango baduzu toki berean.
- Ez igo barandetara, burdin hesietara edo elementu ezegonkorretara.
- Ez gainditu, inola ere, ezarritako segurtasun-lerroak eta -kordoiak.
- Kontuz alkoholaren edo drogen eraginpean daudela diruditen pertsonekin, ziur asko ez baitira ekintzez jabetuko.
- Istilurik izanez gero, saiatu alde egiten eta jakinarazi segurtasun-zerbitzuei.
- Ebakuatu behar izanez gero, egon lasai eta arin ibili, baina korrika egin gabe eta modu ordenatuan, segurtasun-zerbitzuek emandako jarraibideei jarraituz.
- Pertsona batek laguntza behar duela ikusten baduzu, saiatu ematen eta jo ezazu gertuen dauden larrialdi-zerbitzuetara.
- Segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuak lagundu, eta haiei lana errazten saiatu.
- Larrialdirik egotekotan, 112 telefonora deitu.