Gizartea
ATHLETIC CLUB
Trafiko etenak, zenbait zubi itxita... Honelakoa izango da segurtasun-dispositiboa gabarraren egunean
EITB MEDIA
Trafiko eragozpen handienak 14:00etatik 20:00etara izango dira. Milioi bat pertsona baino gehiago espero dira itsasadarraren bi ertzetan.
Athleticek Errege Kopa irabazi duela ospatzeko, ia aurrekaririk ez duen eguna izatea espero da ostegunekoa Bilbon, eta prestatu duten segurtasun dispositiboa ere halakoa izango da. 1.200 pertsona inguruk osatuko dute operatiboa, "airez, lurrez eta itxasoz" Getxotik Bilborainoko bidea zaintzeko. Futbol jokalariek egingo duten ibilbide osoan 47 gune kritiko atzeman dituzte itsasadarraren bi ertzetan, eta hor jarriko dute arreta berezia.
Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak, eta Amaia Arregi eta Nora Abete Bilboko Udaleko Herritaren Segurtasuneko eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziek, hurrenez hurren, aurkeztu dute ostegunerako prestatu dute Segurtasun Gida Plana, goizean Bizkaiko hiriburuan egin duten agerraldian. Esan dutenez, "iaz Frantziako Tourra Euskadirik irten zenerako antolatutako plana" hartu dute eredu etzidamukoa zehazteko.
Osteguneko 16:30ean aterako da gabarra Abrako itsas klubeko ontziralekutik, baina murrizketak lehenago jarriko dira martxan. Eguna hastearekin batera, 00:01etik, debekatuta egongo da itsasadarrean sartzea igerian edo edozein eratako ontzitan.
Trafiko etenak
Trafikoan apirilaren 11ko goizalde aldera hasiko dira lehen etenak, autobusaren ibilbidean hesia jarri ahal izateko; autobus horrek, hain zuzen ere, talde txapelduna Udaletxetik Aldundiaren Jauregira eramango du, Udaletxean harrera amaitzen denean. Hala ere, zirkulazioaren arloko murrizketa gehienak apirilaren 11ko 14:00etan hasiko dira.
Zirkulazio-aldaketa horiek, funtsean, inguru hauetan egingo dira: Areatza, Ernesto Erkoreka plaza, Plaza Biribila, Udaletxeko eta Areatzako zubiak eta Kale Nagusia (Moyuaraino).
Hala ere, aurreko gauetik itsasadarraren perimetroko eremu batzuk hesituta eta itxita geratuko dira. Esaterako, Zorrotzaurreko uhartera ez da sartzerik izango –egoiliarrak, zerbitzu publikoak eta larrialdi-zerbitzuetakoak salbu- eguazten gaueko (hilak 10) 22:00etatik aurrera, aparkatutako ibilgailuek ez dezaten oztopatu gabarra ikustea.
Ontziak igaro aurretik –eta igarotzen diren bitartean–, itsasadarraren bi ertzetan biltzen den jendearen arabera, eta herritarrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko, kaleak zirkulaziorako ixten joango dira.
Olabeaga ingurua, 14:00etatik 20:00etara, gutxi gorabehera, ibilgailuentzat itxita egongo da; egoiliarrak eta larrialdi-zerbitzuak bakarrik igaro ahal izango dira, Ventosa bidetik.
Itsasadarraren ezkerraldean jarraituz, Uribitarte pasealekua itxita geratuko da ibilgailuentzat, 14:00etatik 21:30era, gutxi gorabehera. Garajeek eta aparkalekuek murrizketak izango dituzte, eta, beraz, bizilagunei gomendatzen zaie denbora-tarte horretan ibilgailu pribatua ez erabiltzea. Gainera, jende-kopuruaren arabera, Abandoibarra etorbidea eta Ramón Rubial kalea zirkulaziorako itxi ahal izango dira.
Gauza bera gertatuko da itsasadarraren beste aldean: Elorrietako erriberatik Bilbora sartzeko bidea itxi egingo da, bai eta Botikazar erribera –Agirre Anaien kalea eta Heliodoro de la Torre artean–, Unibertsitate etorbidea eta Campo Volantin ere. Kale horiek segizioa igarotzean itxiko dira, eta egoiliarrei eta Deustuko Unibertsitateko ikasleei bakarrik utziko zaie pasatzen, egoerak horretarako aukera ematen badu. Murrizketa hori 14:00etatik 20:30era egitea ere aurreikusten da, baina ekitaldia nola doan ikusi beharko da.
Pedro Arrupe eta Zubi Zuri oinezkoen pasabideak ere itxita geratuko dira, hilaren 11ko (eguena) 14:00etatik aurrera. Pasabideak prebentzioz itxiko dira ebakuazio-bide egokiak bermatzeko, jende asko aurreikusten baita.
Areatzako eta Udaletxeko zubiak ibilgailuen zirkulaziorako itxiko dira, eta gabarraren ibilbidean dauden udalerriko gainerako zubiak –Deustu, Euskalduna eta Salbe– irekita egongo dira, oinezkoen zein ibilgailuen joan-etorrietarako. Ibaiaren bi aldeetan trafikoa eteteko puntuak aurreikusi dira, eta Bilboko Udaltzaingoak kontrolerako gailu finkoak izango ditu, edozein ezustekoren edo beharren aurrean perimetroa itxi edo aldatu beharko balitz ere.
Salbe zubiko eskailerak ezin izango dira erabili; igogailua, berriz, bizilagunentzat, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat eta larrialdi-zerbitzuetakoentzat gordeko da.
Zingira kalea, Epaltzaren Alargunaren kalea eta Areatza kalea itxita egongo dira ibilgailuentzat, eta garajeak eta aparkalekuak sarbiderik gabe geratuko dira hesiak kendu arte. Erribera kalea ere itxi egingo da (hilaren 11ko goizaldean), Mesedeetako Zubiaren eta Areatzaren artean; eta Prim eta Askao kaleetako bizilagunei bakarrik utziko zaie sartzen, baita garraio publikoari ere, bidea erabat itxi arte. Erabateko mozketa egin ondoren, Plaza Berriko eta Prim kaleko garajeetarako sarbidea Aurrekoetxetik seinalisten txandakako pasabidearen bidez egingo da.
Normaltasuna berreskuratuko duen azken tartea txapeldunen autobusa pasatuko den tartea izango da, hau da, Udaletxearen eta Aldundiaren artekoa. Ibilbide horretan, Kale Nagusia – plaza Biribilaren eta Moyua plazaren artean –, Astarloa – Rodríguez Arias eta Kale nagusiaren artean – eta Nafarroa kalea itxi beharko dira.
Dena den, kontuan izan behar da trafikoa eteteko eta desbideratzeko ordutegiak aldatu egin daitezkeela ekitaldiaren garapenaren arabera.
Hainbat zubi, itxita
Amaia Arregi Segurtasuneko arduradunaren arabera, Pedro Arrupe eta Zubi Zuri oinezkoentzako zubiak zarratuta egongo dira "ebakuazio bide gisa erabiltzeko beharra suertatuko balitz". Areatzako eta Udaletxeko zubiak, berriz, trafikora itxita egongo dira. Horrenbestez, Deustuko, Euskalduna eta Salbeko zubia izango dira zabalik egongo diren bakarrak, bai oinezkoentzat zein ibilgailuentzat.
Arregik gogorarazi duenez, guztiz debekatuta dago semaforoetara, faroletara eta tankerakoetara igotzea, baita uretara salto egitea edo bainatzea.
Goizean aurkeztutako makro-dispositiboan EAEko larrialdietarako talde guztiek hartuko dute parte: Ertzaintzak, udaltzaingoek, Osakidetzak, 112 SOS Deiak, Gurutze Gorriak, DYAk, suhiltzaileek eta Babes Zibilak.
Itsasadarrean barrena Bilbora iritsi arteko bidean gabarrak igaroko dituen herri guztietan —Getxo, Santurtzi, Portugalete, Leioa, Sestao, Barakaldo, Erandio eta Bilbo— trafiko mozketak eta desbideratzeak egongo dira. Bereziki, herriotarako sarrera-irteeretan izango dute eragina neurri bereziek. Bilbon, trafiko etenak izango dira Olabeagan, Deustun edo Campo Volantin pasealekuan.
Halaber, garraio publikoan ere aldaketak egongo direla jakinarazi dute. Zentzu horretan, arduradunek herritarrei eskatu diete garraio publikoa erabili aurretik, egon daitezkeen aldaketak kontsultatzeko.
47 gune kritiko eta 25 kontingentzia puntu
Ibilbide osoan 47 gune kritiko —kokapenagatik edo jendetza pilatzea espero delako arriskutsu izan daitezkeenak— eta kontingentziazko beste 28 —larrialdi kasuetan, pertsonak artatzeko guneak— atzeman dituzte, eta hori guztia zaintzeko, besteak beste, uretako 8 ontzi, 2 helikoptero eta drone-sistema berezi bat mobilizatuko ditu Ertzaintzak. Arauak ez errespetatzeak izan ditzakeen isunen berri ere eman dute agerraldian: debekatutako orduetan droneekin aire-espazioa okupatzeak edota uretara sartzeak 600.000 eurorainoko isuna izan dezake.
Ostegunean Bilbon milioi bat pertsona inguru biltzea espero da itsasadarraren ertzetan. Athelticeko jokalariek gabarran egingo dute Udalaren parerainoko bidea, eta handik autobusean jarraituko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaraino.
Azkenik, Bilboko Udalak jakinarazi du pantaila erraldoia jarriko duela Udaletxe parean jendeak zuzeneko emankizuna hobeto ikus dezan.