Itxi

Gizartea

COPERNICUS

Hamar hilabete jarraian bero markak hausten: martxo hau ere, beroena erregistroak daudenetik

EITB MEDIA

Klima-aldaketa aztertzen duen Copernicus txostenaren arabera, azken martxoan erregistratutako gainazaleko airearen batez besteko tenperaturak 0,73 graduko igoera izan du, 1991tik 2020ra bitartean hilabete berarekin alderatuta.

  • Irudia: Copernicus

    Irudia: Copernicus

Tenperaturen igoerak ez du atsedenik ematen: azken martxoa beroena da erregistroak daudenetik. Hala azaldu du Europako Batzordearen mendeko Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuak (C3S) gaur argitaratutako txosten batek. Txosten horren datuek 14,14 graduko batez besteko tenperatura islatzen dute, eta, hala, 2016an ezarritako errekorra hautsi da (14,04 gradu), hau da, aurten baino 0,10 gradu gutxiago.

Tenperatura hori 1991tik 2020ra bitartean, martxoan izandako batez bestekoa baino 0,73 ºC beroagoa da. Honenbestez, hamargarren hilabetez jarraian gainditu da erregistratutako errekorra.

Samantha Burgess Copernicuseko zuzendariordeak egoeraren larritasunaz ohartarazi du: "Munduko batez besteko tenperatura inoiz izan den altuena da: azken 12 hilabeteetan 1,58 gradu kokatu da industriaurreko mailen gainetik. Gasen isuriak murriztu behar dira Lurraren berotzea gelditzeko".

Tenperatura altuak itsasoan

Era berean, Copernicusek nabarmendu du El Niño fenomenoak Ekuatore Pazifikoan ahultzen jarraitu duela, nahiz eta itsasoko airearen tenperaturak, oro har, "ezohiko maila altuan" mantendu diren.

Itsas azaleraren munduko batez besteko tenperatura 21,07 gradukoa izan zen martxoan (otsailean baino 0,1 gradu gehiago), eta horrek, aldi berean, marka berri bat suposatzen du, edozein hilabeteko erregistrorik altuena gainditu ondoren.

Klima lehorragoa

Prezipitazioei dagokienez, 2024ko martxoan klima batez bestekoa baino hezeagoa izan zen Europako zati handi batean. Ekaitzak izan ziren, eta euri-jasa handiak eragin zituzten Iberiar Penintsulan, Frantziako hegoaldean, Eskandinaviako hegoaldean eta Errusiako ipar-mendebaldean. Europako gainerako herrialdeetan, aldiz, batez bestekoa baino lehorragoa izan zen.