Itxi

Gizartea

Gabarra

Bizkaiko hainbat ikastetxek eskolak lehenago amaituko dituzte ostegunean, trafiko arazoak saihesteko

EITB Media

Era berean, enpresa batzuek edo Deustuko Unibertsitateak ohi baino lehenago amaituko dituzte lanaldiak eta eskolak, hurrenez hurren.

  • Askartza Claret. Irudia: EITB

    Askartza Claret. Irudia: EITB

Hainbat ikastetxek iragarri dute ostegunean eskolak lehenago amaituko direla Athleticen ospakizunak direla medio. Ikastetxeez gain, enpresa batzuek edo Deustuko Unibertsitateak lanaldiak eta eskolak lehenago bukatuko dituztela iragarri dute. Konkretuki, Unibertsitateak eskolak bertan behera utziko ditu 14:00etatik aurrera.

Xedea egun horretarako espero diren zirkulazio-arazoak saihestea da. Eskolen amaiera aurreratu duten ikastetxeen artean daude Urdaneta, Lauro Ikastola, Lauaxeta Ikastola, Larramendi Ikastola, Irlandesas, Colegio Vizcaya edo Askartza Claret.

Ikastolen Elkartetik azaldu dutenez, hasiera batean, hiru ordutegitan ateratzeko aukera emango diete familiei, nahi duena lehenago joan dadin errazteko, baina baita eguerdian seme-alabak hartu ezin dituztenei babesa emateko ere. Are gehiago, ikastetxeren bat aukera ematen ari da ikasleak egun osoan eskoletara ez joateko.

Askartza Clareten kasuan, ikastetxeko zuzendaritzak ohar batean azaldu duenez, "bigarren hezkuntzako ikasleak etxera bidali behar dituzte 12:00etan (bazkaldu aurretik), eta ezingo dute ikastetxean jan, eta haur eta lehen hezkuntzako ikasleek bazkaldu ondoren amaituko dute eskola-eguna, 13:30ean".

Lauaxeta Ikastolak 12:00etan, bazkaldu gabe, ikasleak etxera bidaltzeko asmoa ere du, eta horretarako, gurasoei asteazkeneko 10:00ak baino lehen galdetegi bat betetzeko eskatu die, ikaslea nork hartuko duen zehaztuz. Gainera, seme-alaba bakoitzeko formulario bat bete beharko da.