Gizartea
Athletic Club
Zuri-gorrien 25. Errege Kopak ospakizunez josiko du Bilbo asteon
EITB MEDIA
Datozen egunotan osteguneko ekitaldien xehetasunak emango ditu taldeak. Aurreratu dutenez, behin gabarrak bere ibilbidea eginda, harrera egingo dio Udalak taldeari, entrenatzaileak eta kapitainak hitza hartuko dute ondoren, eta jokalari guztiak udaletxeko balkoira aterako dira azkenik.
-
Zuri-gorrien 25. Errege Kopak ospakizunez josiko du Bilbo asteon. Argazkia: EFE
Astelehen berezia zale zuri-gorrientzat. Athleticeko lehoiak etxean dira atzotik. Jokalarien eta haien senitartekoen ospakizunek luze jo zuten Sevillan. Ajearekin, baina zoriontsu iritsi ziren Bilbora atzo eguerdian.
Jokalari guztiak. Argazkia: EFE
Berehala eutsiko diote egunerokoari, garaipenak ez baititu jokalariak entrenamenduetatik salbuetsiko. Agenda, baina, ohi baino beteago dute. Igandean Vila-real aurkari izango duten partidutik arreta kendu gabe, gabarraren ilusioa gailenduko zaie asteon.
Ospakizun ofiziala ostegunean, apirilaren 11n, izango da, nahiz eta astelehenetik hasita festa giroa izango duten buruan zenbaitzuk, asteburuko biharamuna atzean utzi dutenek bereziki. 40 urteren ostean, biziki nahi izandako ametsa errealitate bihurtuko dute athleticzaleek.
Oraindik erabat argitu gabe dago osteguneko egitaraua, baina datozen egunetan emango ditu klubak horren gaineko xehetasun guztiak.
Harrera instituzionala Udalean eta Aldundian
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek hartuko dituzte txapeldunak behin gabarraren ibilbidea bukatuta. Aurreikusi dutenez, 18:30-19:00ak aldera iritsiko dira udaletxera.
Hori horrela, udaletxeko eskaileratan egingo diete harrera jokalariei. Ondoren, aurreskua dantzatu eta harrera omenaldia hasiko dute. Aburtok hitz egin ostean, taldeko kapitainak eta entrenatzaileak hartuko dute berba. Azkenik, balkoira irtengo dira futbolari guztiak zaleak agurtzera.
Ekitaldiak jarraipena izango du Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan, 19:30etik aurrera. Athleticeko jokalariak autobusean igaroko dituzte Areatzako zubia eta Plaza Biribila, Aldundira heldu arte. Han, ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe izango dute zain. Gutxi gorabehera Udalean egindakoa errepikatuko dute hantxe ere.
Aurreikusita dago milioi bat futbolzale batzea Bilbon.
Gabarraren ospakizuna
Athletic Clubek iragarritako planean oinarrituta, 16:30ean hasiko du ibilbidea gabarrak Getxoko Abra Itsas Klubetik, eta bi ordu geroago amaitu Bilboko udaletxeko zubiaren parean.
Taldeak eta itsas agintariek "protokolo zehatz" bat ezarri die gabarrarekin batera Ibaizabaletik joango diren ontziei.
Diketik gabarra ateratzeko maniobrak hasi dituzte
Gaur hasi dituzte gabarra Itsasmuseum itsas museotik ateratzeko maniobrak. Museoak berak jakinarazi duenez, goizeko lehen orduan hasi dira lanean, gabarra itsasadarrera lehenbailehen egon dadin.
Bilboko Metroaren zerbitzu berezia
Ostegun honetan gau osoan egongo dira trenak, garaipenaren ospakizunetara doazenen joan-etorriak errazte aldera.