Gizartea
Eguraldia
Euskal Herria gandu laino baten azpian izango da asteburuan
E. G. | EITB Media
Bihartik aurrera hegoaldeko haizeak Saharako hautsa ekarriko du Kantauri Isurialdera, eta hauts geruza lodi baten pean izango gara larunbatean eta igandean. Are gehiago, larunbat iluntzean izan daitezkeen ekaitzetan "lokatz euria" egin dezake.
-
Ganduak irudi "tristeak" utzi zituen duela bi urteko martxoan. Argazkia: Juantxu Aberasturi
Tropikoz azpiko aire masa batek tenperatura igoera nabarmena ekarriko du bihartik aurrera, eta termometroak 28 ºC-ra igoko dira Euskal Herriko txoko gehienetan. Horrez gain, hego haizea ibiliko da, eta horrek Afrikako hauts geruza potoloa ekarriko digu zeru gainetara, asteburura begirako eguraldi iragarpenaren arabera.
Gandua esaten zaio fenomeno horri, eta gurean oso arraroa bada ere, ohikoa dute Kanarietan (Saharako basamortutik mendebaldera mugitu ohi da). Oraingoan, esan bezala, hego haizeak bultzatuta helduko da gurera, baita latitude garaiagoetara ere (herrialde eskandinaviarretan ere espero da).
Saharako basamortutik datorren hautsa atmosferan geratzen da, eta arre kolorea hartu ohi du zeruak. Gandua hautsez eta hareaz osatuta dago normalean, baina errautsak eta buztina ere izan dezake. Ganduak ikusgarritasuna gutxitzen du, eta airearen kalitateari eragiten dio. Oso itxia bada osasunari ere egin ahal dio kalte. Kasu horietan, maskara jartzea eta aire librean kirola ez egitea gomendatzen da.
Hauts lainoa ostiralean hasiko da sartzen, eta nabarmenagoa izango da larunbatean eta igandean (astelehenerako desagertu egingo da). Are gehiago, larunbat iluntzerako espero diren ekaitzak hareazkoak izan daitezke.
Azkenekoz, 2022ko martxoan izan genuen gandua, eta zerua eta kaleak marroi egon ziren hainbat egunez.
Hain justu, ostiraletik aurrera espero dugun haize zakarra dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du haizeagatik. Ostiralean eta larunbatean 100 km/h baino gehiagoko ufadak espero dira haizeguneetan, Euskalmetek egin duen iragarpenaren arabera. Hala, abisua gauerditik eguerdira eta 21:00etatik 00:00etara egongo da indarrean ostiralean, eta larunbatean, 00:00etatik 12:00etara.
Horrez gain, hego haize gogorraz gain tenperatura altuak egongo direnez, baso sute arriskuagatik ere beste abisu hori bana jarriko ditu Jaurlaritzak ostiralean, egun osoan, eta larunbatean, eguerdira arte.