Gizartea
ARRAZISMOA
Sestao Riverrek "bidegabetzat" jo du zelaia bi partidaz ixteko erabakia eta helegitea iragarri du
EITB MEDIA
Rayo Majadahonda taldeko atezainak salatu zituen irain arrazistengatik jaso du Bizkaiko taldeak zigorra eta "erabateko desadostasuna" azaldu du erabakiarekin. Ateak itxita jokatzeaz gain 6000 euroko isuna ere ordaindu beharko du.
-
Cheikh Kane Sarr atezaina zelaitik kanporatu zuten unea. Irudia: EITB MEDIA
Soka luzea eragiten ari da larunbatean Sestao River eta Rayo Mahadaonda futbol taldeen arteko partidan gertatutakoak. Asteazkenean Espainiako Futbol Federazioko epaile batek Sestao River klubari ezarritako neurriaren aurrean, ateak itxita jokatu beharko ditu hurrengo bi partidak, Bizkaiko taldeak ohar batean erabakiaren aurkako "erabateko desadostasuna" adierazi du eta helegitea jarriko duela iragarri du.
Rayo Majadahonda taldeko atezainak salatu zituen irain arrazistengatik zorgortu dute taldea. Zelaia bi partidaz ixteko aginbduaz gain, taldea 6000 euroko isuna ordaintzera ere zigortu dute. Eta zigorra dago baita ere irainak jaso zituela salatu zuen Cheik Sarr atezainarentzat ere: ezingo ditu hurrengo bi partidak jokatu, ustez iraindu zuen zalearekin ondoren izandako jokabideagatik. Baina irainak jasan zituelako, arindu egin diote ezarri asmo zioten zigorra.
Arbitroak 84. minutuan partidoa eten behar izan zuen; izan ere, talde bisitariko jokalariek partida jokatzen jarraitzeari uko egin zioten atezainak jasandako irainak medio. Aurretik, atezaina kanporatu egin zuten hesitik salto egin eta harmailetan zale bati aurre egiteagatik. Aktaren arabera,gainera, arbitroaren aurka ere egin zuen.
Sestao River Clubek ukatu egin du kantu arrazistak egin izana, eta "arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako konpromiso irmoa" berretsi du. Hartutako erabakiaren aurka, baina, helegitea iragarri du "bidegabea" dela iritzita.
Bien bitartean, Ertzaintza gertakari horren harira jarritako bi salaketa ikertzen ari da: bata, Rayo Majadahonda taldeko atezain Cheikh Kane Sarrena, partidan irain arrazistak jaso izana salatu duena, eta, bestea, Sestaoko zale batek talde madrildarreko atezainaren aurka jarritakoa, erasotzeagatik.