Gizartea
Eguraldia
Bilbon Sevillan baino beroagoa izango da Kopako finalaren eguna
EITB MEDIA
Bizkaiko hiriburuan 29 °C-ko maximoak espero dira, Andaluziakoan aurreikusitakoak baino gehiago. Bietan giro argia nagusituko da, baina zerua ez da urdin egongo. Partidan zehar euria egiteko probabilitateak behera egin du, baina iluntzean, haize aldaketaren ondorioz, giroa freskatu egingo da.
-
Eguzkia da jaun eta jabe egunotan Sevillan. Argazkia: EITB Media
Bero eta giro argia. Hori da larunbaterako, Athleticek eta Mallorcak jokatu behar duten Errege Kopako finalerako, espero den eguraldia. ETBko "Eguraldia" saioko meteorologia zerbitzuak egindako iragarpenaren arabera, egunean zehar ateri izango da Sevillan eta Bilbon; iluntzean, ordea, aldaketa espero da Bizkaian.
Sevillan, ateri eutsiko dio, zeru-gainak urdin egongo ez diren arren. Tenperaturari dagokionez, 13 ºC-ko minimoak izango dira, eta maximoak 28 ºC inguruan errendituko dira.
Bilbon ere, eguraldia lagun izango dute athleticzaleek ia larunbat guztian, baina sargoria izango da nagusi. Hego-haizea ibiliko da, eta termometroak 29 ºC-raino igoko dira, are gehiago Bizkaiko barnealdean (30 ºC-ko langa gaindituko dute). Zeruan goi-hodeiak izango dira, baita gandua ere, eta, hori dela eta, baliteke zerua marroixka egotea.
Iragarpenaren arabera, 19:00etatik aurrera, haizeak ipar ipar-ekialdera egingo du, eta giroa freskatu. Ekaitza ere leher daiteke. Dena dela, partida jokatzeko orduan euria egiteko probabilitateak behera egin du azken orduetan.