Itxi

Gizartea

Mendi istripua

Iruñeko 14 urteko neska bat hil da Pirinioetan erorikoa izan eta gero

Agentziak | EITB Media

Nerabea aitarekin zegoen mendi buelta bat egiten Ereta inguruan, labain egin eta 100 metrotik behera amildu zenean. Erreskate taldeek hiru ordu geroago erreskatatu zuten gorpua.

  • Soumcouyko tontorra, Eretan.

    Soumcouyko tontorra, Eretan. Argazkia: Jonathan Lopez

14 urteko neskato iruindar bat zendu zen atzo Pirinioetan, Ereta udalerrian (Pirinio Atlantikoen Departamentua, Ipar Euskal Herriko muga) mendian erorikoa izan ostean, diplomazia iturriek baieztatu dutenez. 

Ezbeharra 16:00ak aldera jazo zen, aita-alabak mendi ostera bat egiten ari ziren, oporretan zeudela. 

Argitu gabeko arrazoiak tarteko, nerabea labaindu egin zen eta gune malkartsu batetik amildu. "Gune arrokatsu batean irrits egin eta 100 bat metro erori zen", azaldu du Pierre Casabonne Eretako alkateak France Bleu irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean.  

Alaba erreskatatzeko gai ez zela ikusita, atzera egin eta Seguitte goi lautadaraino jo zuen, laguntza eske. Gizona shock egoeran zegoen. 

Erreskate zerbitzuek 19:30 aldera erreskatatu zuten gorpua, helikopteroz. 

Espainiako Gobernuak Pauen duen Kontsulatua Jendarmeriarekin eta Prefekturarekin harremanetan dago. Lehenak egin zuen gorpuaren erreskatea, eta bigarrenaren esku geratu da istripuaren ikerketa. 

Une zail hauetan familiaren esanetara geratu da Kontsulatua, neskatoaren gorpua aberriratu edo bestelako izapideak egiteko.