Itxi

Gizartea

ZIENTZIA ETA ESPAZIOA

Alemaniak dio Iberiar penintsularen ekialdetik igaro zen bolidoa Elon Musken satelite bat zela

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Frantziatik sartu eta Kataluniako, Balear Uharteetako eta Valentziako zerua igaro zuen bolidoak ostiraleko 22:59 aldera, Mediterraneo itsasoan erori arte. Astronomia zale ugarik grabatu eta argazkiak atera zizkioten, baita Euskal Herritik ere.

  • Bolidoaren irudia. Argazkia: Cesar Guasch | EFE

    Bolidoaren irudia. Argazkia: Cesar Guasch | EFE

Alemaniako Aire Armadak jakitera eman duenez, ostiral gauean Espainiako ekialdetik igaro zen bolidoa Elon Musk aberatsaren Starlink satelite bat zen.

Frantziatik sartu eta Kataluniako, Balear Uharteetako eta Valentziako zerua igaro zuen bolidoak ostiraleko 22:59 aldera, Mediterraneo itsasoan erori arte. Astronomia zale ugarik grabatu eta argazkiak atera zizkioten, baita Euskal Herritik ere. Izan ere, CSICek zabaldutako informazioaren arabera Aragoitik, Kataluniatik, Madrilgo Erkidegotik, Valentziako Erkidegotik, EAEtik, Nafarroatik eta Errioxatik ikusi ahal izan zen.

"Espazioaren Egoera Ezagutzeko Zentroaren arabera, StarLink satelite baten bersartzea izan da", idatzi du igande honetan Alemaniako Aire Armadak X sare sozialean, alemanieraz eta espainieraz, begia ixteko keinua egiten duen emotikono batekin.

Irudiak zabaltzen hasi bezain laster, bolido artifiziala "misil bat" zela zabaldu zen, baina ordu gutxi batzuen buruan Espainiako Espazio Zientzien Institutuak (CSIC) baztertu egin zuen aukera hori eta agian "txatarra espazialeko pieza bat" zela azaldu zuen.

Starlink Musken enpresa bat da, zehazki, enpresariaren SpaceX konpainiaren filial bat. Satelite konstelazioak abiadura handiko Internet eskaintzen du, baita leku urrunenetan ere.

Ukrainako gerran, Muskek emandako Starlink terminalek, adibidez, tropa ukrainarrei laguntzen diete konektatuta egoten eta frontean komunikatzen.