Itxi

Gizartea

Trafikoa

Arazorik gabe amaitu da itzulera operazioa euskal errepideetan eta aireportuetan

EITB MEDIA

Zenbait puntutan arreta berezia jarri du Segurtasun Sailak, trafiko astuna espero baitzen baina ez da aparteko arazorik izan. Loiuko aireportuan, bestalde, 161 hegaldi izan dira.

0:33
Loiu, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Euskal errepideetan joan-etorri asko izan dira gaur, astelehenarekin, Aste Santuko itzulera operazioa tarteko. Jaiegunak eta askorentzat oporrak bukatuta, etxera bueltatuko dira euskal herritar asko baina horrek ez du aparteko arazorik ekarri eta normaltasuna zen nagusi 21:00etan, itzulera operazioa ofizialki amaitu denean.

Zenbait puntutan arreta berezia jarri du egunean zehar Segurtasun Sailak, trafiko astuna espero baitzen, baina ez da gorabeherarik izan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Iragan ostegunean, 10 kilometroko auto ilarak egon ziren A-8an, Bizkaia eta Kantabria artean, eta 6 kilometrokoak AP-8an, Irunen baina egoera ez da errepikatu gaur.

Guztira, 200 bat ertzain aritu dira euskal errepideetan trafikoa zaintzen.

Herritarrek trafikoari buruzko informazioa jasotzeko betiko bideak izan dira: trafikoa.euskadi.eus webgunean, X sare sozialaren bidez edota 011 telefono zenbakira deituta.

Aireportuak

Bilboko Aireportuan 1.398 hegaldi zeuden aurreikusita martxoaren 22tik apirilaren 1era, Aste Santuko oporraldia dela eta. Iaz, 1.496 hegaldi egon ziren, baina udako denboraldiaren hasierarekin bat egin zuen Aste Santuko oporraldiak, Aenak azaldu duenez.

Gaurkoan izan dira hegaldi gehien; 161, guztira.