Gizartea
Arrazismoa
Sestao-Rayo Majadahonda partida bertan behera Rayoko atezainari irain arrazistak egiteagatik
Agentziak | EITB Media
Sestaoren jarraitzaile batzuek egin dizkioten irain arrazistekin nazkatuta, Cheikh Kane Sarr atezain bisitariak aurre egin die. Epaileak kanporatu egin du eta Rayoko futbolariek uko egin diote berriz zelaira ateratzeari. Ondorioz, epaileak bertan behera utzi du partida.
Lehen Federazioko 1. multzoko Sestao River Club-Rayo Majadahonda partida bertan behera geratu da 87. minutuan, Sestao 2-1 irabazten ari zela, Cheikh Kane Sarr atezain bisitariak irain arrazistak jaso ondoren.
Sestaok Rayo Majadahondak bigarren zatian lortutako 0-1ekoa irauli eta minutu gutxira lehertu da istilua.
Iñaki Acha Rayo Majadahondako presidenteordeak Cadena Ser irrati kateko "Carrusel Deportivo" saioari egindako adierazpenetan azaldu duenez, "epaileak bertan behera utzi du partida, guk jokatzeari uko egiten diogulako".
Acharen esanetan, "badirudi gure atezainak denbora zeramala irain arrazistak jasotzen, baina Sestaoren bigarren goletik aurrera areagotu egin dira. Talde handi samar bat zegoen ate horren atzean, eta irainka hasi zaizkio 'beltza' deituz".
Madrilgo klubeko presidenteordearen arabera, atezainari "egoerak gainezka egin dio, hesiaren bestaldera joan delako, eta hori ez zuen inoiz egin behar. Ondorioz, epaileak kanporatu egin du". Atezaina "lur-jota joan da aldagelara, taldekideak berarekin joan dira eta ez dute berriro zelaira atera nahi izan", azaldu du.
Rayoko zuzendariak argi utzi nahi izan du "Sestaorekin" gauzak "oso ondo" joan direla. "Klub honekin primeran moldatzen gara", adierazi du.
"Haiek gure esanetara egon dira une oro, eta atsekabetuta zeuden 3.000 edo 4.000 zaleren artean gutxi batzuekin arazo hori izateagatik", esan du.
"Ertzaintzaren istiluen aurkako taldeek inguruko harmaila hustu dute, atezaina erabat lur-jota zegoen, jokalariek (Rayokoak) ez dute irten nahi izan" eta "epaileak bertan behera utzi du partida, guk jokatzeari uko egin diogulako", azaldu du.
Rayo Majadahondak honakoa adierazi du bere sare sozialen bidez: "Gure taldea ez da berriro partidara itzuliko, gure jokalariari irain arrazista onartezinak egin ostean". "Kirolean era guztietako irain arrazistak gaitzesten ditugu", gaineratu du klub madrildarrak.
¿¿Nuestro equipo no saldrá de nuevo a reanudar el encuentro tras recibir insultos racistas inadmisibles a nuestro jugador.
— CF Rayo Majadahonda ¿¿¿¿ (@RMajadahonda) March 30, 2024
Condenamos todo tipo de insultos racistas en el deporte.
Sestao River Clubek irainen frogak eskatu ditu
Sestao River Clubek, bere aldetik, esan du arrazakeria ekintza oro gaitzesten duela, baina klubeko inork ez duela eraso arrazistarik ikusi edo entzun. Horregatik, frogak eskatu ditu erasoa gaitzetsi aurretik.
Sestaoko Udalak, berriz, ez du itxaron, eta adierazpen bat kaleratu du Las Llanas udal futbol zelaian izan den arrazakeria kasuaren aurrean atsekabea agertzeko.
"Sestaoko Udalak indarkeria, bazterkeria eta arrazakeria ekintza ororen aurkako jarrera berresten du. Etengabe egingo dugu lan inklusioa eta errespetua sustatzeko gure gizartearen arlo guztietan. Elkarrekin lortuko dugu kirola guztientzako eremu segurua izatea", azpimarratu du Udalak.
Ezkerraldean gertatutakoak oihartzun handia izan du, eta Vinicius Jr. Real Madrileko jokalariak ere aipatu du sare sozialetan Espainiako Estatuko futbolarentzat egun txarra izan dela, "hiru arrazakeria kasu deitoragarri" izan direlako, Sestaon Majadahondako atezainarekin eta Getafen Marcos Acuña Sevillako jokalariarekin eta Quique Sanchez Flores entrenatzailearekin gertatutakoari erreferentzia eginez.