Gizartea
Denboralea
Bi pertsona hil dira Tarragonan eta bi Asturiasen, Nelson denboraleak sortutako olatuek itota
Agentziak | EITB Media
15 urteko gazte bat hil da Tarragonako hondartza batean, "zuhurtziagabekeria" baten ondorioz, baita erreskatatzera abiatu den gizona ere. Asturiasen, gizon bat eta emakume bat uretara erori dira olatuengatik, eta bertan hil dira.
Bi pertsona hil dira Tarragonan eta bi Asturiasen, Nelson denboraleak eragindako olatuen ondorioz.
Tarragonako Miracle hondartzan, 15 urteko marokoar bat hil da itsasoan itota, olatu handien erdian, "zuhurtziagabekeria" baten ondorioz, lekukoek esan dutenez.
Bikotekidearekin paseatzen ari zen alemaniar batek itsasora salto egin du erreskatatzen saiatzeko, baina hura ere hil da, itota.
Asturiasen ere, bi pertsona hil dira, bi toki desberdietan, itsasora erori ostean itota.
Nalon ibaiaren bokaleko kai-muturraren amaieran, San Esteban de Pravian (Muro del Nalon), itsasori begira zegoen turista ingeles bat uretara erori da eta olatuek eraman dute.
Cudilleron, olatu batek emakume bat eraman du arrastaka, portuan paseatzen ari zela. Konorterik gabe erreskatatu dute, eta medikuek heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin.