Itxi

Gizartea

Kordoban desagertutako haurrak

Polemika, 'Breton' auziko poliziaburua hedabideetan agertu delako

Erredakzioa

Kordobako Fiskaltzarentzat ez da "egokia sekretupean dagoen auzi baten zati bat" telebistako saio batera eramatea.

08:24
 Serafin Castro 'Breton auziko' poliziaburuak egindako adierazpenak

Jose Antonio Martin-Caro Kordobako fiskalburuak ez du "egoki" ikusten "sekretupean dagoen auzi baten zati bat" telebistako saio batera eramatea. Martin-Caroren arabera, horixe gertatu da Ruth eta Jose Breton Kordoban desagertutako haurren kasuan, Serafin Castro ikerketaren poliziaburua hedabideetan agertu delako auziaz hitz egiten.

Martin-Carok azaldu duenez, "gauza orokorren inguruan hitz egiteko bada, ez dago arazorik; baina auziko datu zehatzak emateko bada, ez zait egokia iruditzen, auziaren zati bat sekretupean baitago".

Ikerketari dagokionez, Ministerio Publikoak kontuan hartzen dituenak "auzitegietan egiaztatu daitezkeenak" direla, eta "iritzi pertsonalek, auzi honetan" ez dutela "zeresanik" azpimarratu du. Hori horrela, Las Quemadillasen aurkitutako arrastoak gizakienak direla egiaztatzen bada Jose Bretonen (desagertutako haurren aita) kontrako akusazioa aldatu eta hilketa leporatuko diotela jakinarazi du.

"Norberak nahi duen tontokeria esateko eskubidea du"

Bretonek izan ditzakeen larrigarrien inguruan, fiskalak esan du "frogak egiaztatzen direnean" ikusiko dela hori, eta orain "denak espekulazioak" direla eta "norberak nahi duen tontokeria esateko eskubidea" duela.