Gizartea
RUBIALES AUZIA
Fiskaltzak 2 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu du Rubialesentzat Jenni Hermosoren auziagatik
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia zigortzea eskatu du Jennifer Hermoso emakumezkoen selekzioko jokalariari emandako musuagatik eta ondorengo ustezko hertsapenagatik.
-
Luis Rubiales, Audientzia Nazionalean. Argazkia: EFE
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 2 urte eta 6 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohiarentzat, Jennifer Hermoso emakumezkoen selekzioko jokalariari emandako musuagatik eta ondorengo ustezko hertsapenagatik.
Ministerio publikoak behin-behineko ondorioen idazkia igorri dio Auzitegi Nazionalari. Bertan, urte eta erdiko kartzela-zigorra ere eskatu du Jorge Vilda emakumezkoen selekzioko entrenatzaile ohiarentzat, Ruben Rivera Federazioko marketin zuzendari ohiarentzat eta Albert Luque gizonezkoen selekzioko zuzendariarentzat.
Espetxe-zigorraz gain, Rubialesntzat gaitasungabetze berezia eskatu du, kondenak dirauen bitartean kirol arloan lan egiteko, bi urtez zaintzapeko askatasuna ezartzeko eta jokalariarekin komunikatzeko eta lau urtez 200 metroko erradiora hurbiltzeko debekua ezartzeko.