Itxi

Gizartea

Eguraldia

Eguraldi ezegonkorra aurreikusi du Euskalmetek Aste Santurako: fronteak, hotza, hego haizea eta euri gutxi

EITB Media

Jose Antonio Aranda Euskalmeteko meteorologia arduradunaren arabera, "fronteak" eta egun "lasaiagoak" tartekatuko dira. "Bereizgarria haizea izango da", gaineratu du.

0:33
Eguraldia Aste Santuan

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eguraldi ezegonkorra iragarri du Aste Santurako, fronteak tarteko. Hala ere, ahulduta iritsiko dira eta ez du euri askorik egingo; aitzitik, tenperatura hotza izango da eta hego-mendebaldeko haizeak bolada gogorrak utziko ditu. Radio Vitorian egindako elkarrizketan Jose Antonio Aranda Euskalmeteko meteorologia arduradunak azaldu duenez, "fronteak" eta egun "lasaiagoak" tartekatuko dira. "Bereizgarria haizea izango da", gaineratu du. 

Arandaren esanetan, Aste Santuan egingo duen eguraldia "urte arrunt batean egin beharko lukeenaren batez bestekoaren antzekoa" izango da. Gainera, Aste Santuan "eguraldi onena" egingo duen Iberiar penintsulako tokietako bat Euskadi izango dela nabarmendu du.

Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, asteazkenetik aurrera, hego-mendebaldeko haizea izango da esanguratsuena, une batzuetan, batez ere asteazken eta ostegun arratsalde-gauean, bereziki mendebaldean, bolada oso bortitzekin. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak haizeari dagokion abisu horia ezarri du asteazkenean (15:00etatik 21:00etara) eta ostegunean (15:00etatik 00:00etara), 100 km/h-tik gorako haize boladak espero baitira, bereziki mendi inguruetan eta kostaldean.

Haizearen eraginari esker, ostegunera arte hodeiak izango dira eta euria urria izango da, eta noizbehinka botako du. Hala ere, ostiralean fronte aktiboago batek eragina izan lezake Euskal Herrian, eta euri gehiago eta orokorragoa izango litzateke. Egunsentiak hotzak izango dira barnealdean, baina maximoak nahiko leunak izango dira.

Larunbatean, igandean eta astelehenean, eguraldi ezegonkorrak jarraituko du, eta presio baxuekin lotutako sistemek iristen jarraituko dute; beraz, euria egiteko probabilitatea mantendu egingo da, batez ere igandean.

Gainera, hego-haizea indartu daiteke eta itsasoaren egoerak okerrera egingo du asteazkenetatik aurrera, eta bereziki ostegunean eta ostiral goizaldean, izan ere, litekeena da olatuen altuera adierazgarria 3,5 metrotik gorakoa izatea.

Hori dela eta, eta mareak nahiko biziak izango direnez, asteazkeneko eta osteguneko itsasgoretan urak toki batzuetan gainezka egitea gerta daiteke, baita larunbateko lehen itsasgoran ere.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.