Gizartea
Trafikoa
Arratsaldean hasiko da EAEn Irteera Operazioa, milioi bat joan-etorri baino gehiago espero direla
EITB Media
Trafiko Zuzendaritzaren arabera, iaz baino desplazamendu gehiago egongo da, eta iragarrita dagoen eguraldi eskasa tarteko, kontuz gidatzeko aholkatu du. Hiru puntutan egongo da arreta: A-8a, Bizkaia eta Kantabria arteko mugan, AP-8an (Biriatu, Lapurdi) eta A-1ean, Armiñongo lotunean (Araba).
-
Irteera Operazioa 15:00etan abiatuko da. Artxiboko argazkia: EFE
Aste Santuko oporretan atarian, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 15:00etan ekin dio trafiko dispositibo bereziari, Irteera Operazioa (asteazkena eta Ostegun Santua) eta Itzulera Operazioa (Pazko Astelehena) bereziki zainduta. Aurten, batez beste 530.000 desplazamendu espero dira EAEn sartzeko eta beste hainbeste irteteko, iaz baino apur bat gehiago.
Gidariek ez dute meteorologia lagun izango. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, fronte baten iritsierak giro euritsua, zaparrada mardulekin, eta hegoaldeko haize zakarra utziko ditu. Hain justu, Trafiko Zuzendaritzatik zuhurtzia eskatu dute, istripuak saiheste aldera.
Aste Santuko Operazio Berezia aurkezteko agerraldian Estibaliz Olabarri Trafiko zuzendariak azaldu duenez, Ertzaintzako 200 bat agente arituko dira trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko lanetan, zirkulazio handiena duten hiru guneak bereziki jagonda:
- A-8a, Bizkaia-Kantabriako mugan.
- AP-8an, Biriatuko ordainlekuan (Lapurdi).
- AP-1 eta A-1 errepideek bat egiten duten lekuan, Armiñongo lotunean.
Ordutegiei dagokienez, Kantabriako mugan ilara luzeenak asteazken arratsaldean (15:00-21:00) eta Ostegun Santuan (09:00-15:00) sortzen dira. Biriatun, apur bat lehenago sortzen dira, 14:30ean eta 0'8:30ean, hurrenez hurren.
Armiñongo lotunean (AP-1 eta A-1), behin-behineko seinaleak jarriko dituzte N-1eko bide alternatiboa erabiltzeko gomendatuz Argantzun (A-1, 334 km) eta Armiñongo lotunearen (A-1, km 328) artean, A-1ean ibilgailu ugari pilatzen denerako.
Itzulera Operazioa
Pazko Astelehenean, apirilaren 1ean izango da. Orduan, A-8an Bizkaiko noranzkoan pilatuko dira ibilgailuak, Kantabriatik, bereziki 13:00etatik 21:00etara. Biriatun, Pazko Astelehena jaieguna da Frantzian, eta ostiralean eta larunbatean trafiko handia egoten da Donostiako noranzkoan.
Armiñonen, zirkulazioa kartelen eta konoen bidez bideratuko da etenik gabe (80 km/h-ko abiadura iraunkorrean, pasatzen uzteko inolako geldialdirik egin beharrik izan gabe), Gasteizerako noranzkoan.
Zero biktima
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak zuhurrak izateko eskatu die gidariei. Gogorarazi duenez, biktimen eta istripuen kopuruak behera egin du azken urteotan, eta joera horri eutsi behar zaio. 2023ko Aste Santuan, pertsona bakarra hil zen trafiko istripuan; 2022an, bi. Era berean, iaz 89 ezbehar izan ziren EAEko errepideetan; 2012an, berriz, 123.
Istripuak saihesteko, honako gomendioak eman ditu
- Bideari ekin baino lehen trafikoaren egoera kontsultatzea —Trafikoaren webgunean, X sare sozialeko profilean eta 011 telefono zenbakian—.
- Eguraldiaren iragarpena begiratzea, eta ibilgailua eta gidatzea baldintzetara egokitzea.
- Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
- Alkohol eta drogarik ez gidatzean.