Gizartea
AUZITEGI NAZIONALA
Pedrazek atzera egin eta ez du Telegramen blokeoa eskatuko, gehiegizko neurria izango litzatekeelakoan
eitb media
Epailearen arabera, zerbitzua etetea kaltegarria izango litzateke mezularitza zerbitzua erabiltzen duten milioika pertsonarentzat
-
Telegram, beste aplikazio batzuen artean. Argazkia: EITB
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak bertan behera utzi du, behin betiko, Telegram mezularitza plataforma blokeatzeko agindua.
Magistratuak auto bat kaleratu du aurreko ostiralean Telegramen zerbitzua behin behinean bertan behera uzteko egindako eskaera ezeztatzeko, "gehiegizko neurria" izango litzatekeelako.
Gaur goizean behin behinean ezeztatutu du eskaera, baina orain sare soziala ez blokeatzeko behin betiko erabakia hartu du.
Pedrazek autoan azaltzen duenez, egiaztatuta geratu da Telegram bertan behera utziz gero erabiltzaile andanari egingo liokeela kalte neurriak, eta horregatik eskatu duela neurriak izango lukeen eraginari buruzko txostena.
Magistratuaren arabera, Telegram delituak egiteko ere erabiltzen dela gorabehera, "asko dira Telegram erabiltzeko hautua egin dutenak (partikularrak, enpresak, funtzionarioak, langileak orokorrean…), beste plataforma batzuek eskaintzen ez duten onura batzuk ematen dituelako. Eta hori guztia pribatutasun berme batekin. Baita aplikazioaren erabiltzaileen artean datu pertsonalen trukearekin eskubideen babeserako beharrezko bermeak ziurtatu ezin dituela ere. Azken batean, oinarrizko eskubide batzuei uko egitea ustezko pribatutasunaren truke".
Horregatik, autoan epaileak adierazten du Telegramen blokeoa "kaltegarria izango litzakeela mezularitza zerbitzua erabiltzen duten milioika pertsonarentzat".
Gainera, epaileak poliziaren txostena aipatu du neurri horrek izango lukeen eragin ekonomikoa dela eta, enpresa eta elkarte askok plataforma hori erabiltzen baitute komunikaziorako, "kanal fidagarria eta segurua" delakoan.
Azken batean, epaileak uste du ez dela adierazpen edo informazio askatasun kontu bat, "baizik eta neurria proportzionala den ala ez. Eta ondorioztatu da neurria gehiegizkoa izango litzatekeela".