Gizartea
Migrazioa
'Aita Mari' itsas salbamenduko ontzia Bilbon da dagoeneko
Agentziak | EITB Media
Apirilaren amaierara arte egongo da Itsasmuseum Bilboko itsas museoaren aurrean. Ondoren, Pasaiara joango da, Itsas Festibalera.
Aita Mari itsas salbamenduko euskal ontzia gaur iritsi da Bilbora, 12. misioa amaitu eta Mediterraneo erdialdean 43 pertsona erreskatatu ondoren.
Itsasmuseum Bilboko itsas museoaren parean egongo da apirilera arte, eta Pasaiara abiatuko da maiatzean, Itsas Festibalean parte hartzeko, Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez.
Larunbatean hurrengo hilabeteetako jardueren berri emango dute, eta datorren astean jakinaraziko dute herritarrek itsasontzia noiz bisitatu ahal izango duten.
Aita Mari ontzia martxoaren 12an irten zen Sirakusatik (Sizilia), Mediterraneoan 43 pertsona erreskatatu eta hamabigarren misioa burutu ostean.
Misioak amaitutakoan, Aita Mari Vinaros edo Burriana portuetan egon ohi da, Castellon, baina oraingoan bi hilabete emango ditu euskal kostaldean.
SMHk azaldu zuenez, itsasontzian lan batzuk egin behar dituzte, eta, bide batez, proiektua euskal herritarrei hurbildu nahi diete.