Gizartea
AUZITEGIAK
Behin behinean aske utzi dituzte Nafarroako Parlamentura sartzen saiatzeagatik atxilotutako 7 nekazariak
EITB MEDIA
Orotara, 19 nekazari eta abeltzain identifikatu dituzte martxoaren 7an Foru Ganberan izandako gertakariekin lotuta. Horietako zazpi, gaur deklaratzera deituta zeuden, eta atxilotu egin dituzte.
-
Foruzaingoaren Iruñeko komisaldegia, gaur. Argazkia: EFE
Iruñeko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiko epaileak behin behinean aske utzi ditu joan den martxoaren 7an Nafarroako Parlamentura indarrez sartzen saiatzeagatik atxilotutako 7 nekazariak. Hainbat delitu leporatzen zaizkie, tartean, erakunde ofizialen aurkako erasoa, agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak eragitea.
Orotara, 19 nekazari eta abeltzain identifikatu dituzte Foru Ganberaren kontrako erasoarekin lotuta, eta horietako 7 gaur goizean deklaratzera deituta zeuden Foruzaingoaren Iruñeko komisaldegian. Bertaratu dira, baina ez dute deklaratu nahi izan. Han atxilotu dituzte zazpiak.
Jarraian, Nafarroako Justizia Auzitegira eraman dituzte, guardiako epailearen aurrera, baina haren aurrean ere deklaratzeari uko egin diote. Guillermo Chaverri atxilotuetako baten abokatuak esan duenez, "instrukzio fasearen hasieran" dago auzia, eta "informazio gehiago" izan arte itxaron egin behar da.
Parlamentuaren aurkako erasoaren irudiak ikuskatu ondoren egin dira identifikazioak. 2024rako foru aurrekontuen proiektua eztabaidatu eta bozkatu zen egunean izan ziren gertakariak. Egun hori aprobetxatu zuen F6 Plataformak lehen sektorearen protesta bertara eramateko.