Itxi

Gizartea

GERTAKARIA

Sei pertsona, tartean bi guardia zibil, hil dira Sevillan, polizia kontrol batean kamioi batek harrapatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Beste hiru pertsona larri daude. Antza, istripua da hipotesi nagusia. Agenteek gelditzeko esan diotenean, kamioilariak bide bazterrera egin du kolpera eta bost ibilgailu harrapatu ditu. Atxilotuta dago.

0:42
Istripua izan den lekua. Fortako bideo batetik ateratako irudia.

Sei pertsona, tartean Guardia Zibileko bi agente, hil eta beste hiru larri zauritu dira bart AP-4 autobidean, Los Palacios (Sevilla) udalerriaren parean, kamioi batek harrapatuta. Polizia kontrol batean izan da gertakaria, ibilgailu astunak hainbat pertsona bete-betean kolpatu dituenean. Kamioiaren gidaria atxilotu dute jada. 

Armatutako Institutuaren iturrien arabera, ezbeharra 04:40an jazo da, aipatu autobideko 20. kilometroan. 

Sei dira hildakoak, tartean Ekintza Azkarreko Taldeko (GAR, gazteleraz) bi agente; gainerakoak herritar xeheak dira. Beste hiru lagun larri zauritu dira, hauek ere agenteak. 

Lehen hipotesiaren arabera, istripua izan da gertatutakoa. Agenteek gelditzeko keinuak egin dizkiotenean, kamioilariak bat-batean eta abiadura bizian egin du bide bazterrera, eta han ziren hiru guardia zibilen ibilgailuak eta beste bi auto harrapatu ditu. Gidariak negatibo eman du alkohol eta droga probetan. Trafiko zuzendaritzak uste du kamioilariak deskuidua izan duela. 

Barne Ministerioak jazotakoa deitoratu du eta doluminak helarazi dizkie biktimen hurbilekoei.