Itxi

Gizartea

Gipuzkoa

Gizon batek eraso homofobo bat salatu du Zarautzen, eta ikerketa abiatu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Biktimaren arabera, martxoaren 10ean, 05:00ak aldera, herriko taberna batean, eraso egin zioten, eta erasoak homosexualenganako gorroto zantzuak omen ditu.

Orioko gizon batek salatu du eraso homofobo baten biktima izan zela igande goizaldean Zarautzen, beste gizon baten erasoa jaso baitzuen. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta susmagarri bat dago jada.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez, biktimaren arabera, martxoaren 10ean, 05:00ak aldera, herriko taberna batean, eraso egin zioten, eta erasoak homosexualenganako gorroto zantzuak omen ditu.

Segurtasun Sailak ez du zehaztu erasoa fisikoa edo hitzezkoa izan zen, baina adierazi du kaltetua bera joan zela ertzain-etxera salaketa jartzera, erasoa gertatu eta gutxira.

Zarauzko Udalak ohar bat zabaldu du salatutako eraso homofoboaren "gaitzespen irmoa" adierazteko eta biktimari "erabateko babesa eta gertutasuna" helarazteko.

Egan kolektiboak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, 19:00etan, Zarauzko udaletxe plazan. Orioko Udalak ere sendo gaitzetsi du erasoa, eta bat egingo du Orioko LGTBIQ+ taldeak eta Urola Kostako Gazte Feminista taldeak martxoaren 16rako deitutako elkarretaratzearekin.