Gizartea
Kordobako ume desagertuak
Aurkitutako arrastoak haurrenak direla berretsi du beste txosten batek
Erredakzioa
Quemadillas etxaldean aurkitutako arrastoak 6, 22 urteko haur batenak direla berretsi du hirugarren txosten batek, Barne ministroak azaldu duenez.
Iazko azaroan egindako Poliziaren lehen txostenaren eta gaur ezagutarazi diren beste bi txostenen artean “kontraesanak” daudela onartu du Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak. Poliziak antropologo bati enkargatutako azken txosten horretan, sute baten errautsetan 6,22 urteko ume baten aztarnak daudela baieztatzen da.
Ministroak prentsaurreko bat eskaini du gaur goizean, adingabekoen amak enkargatutako txosten independente batek Bretonen familiarena den Kordobako Las Quemadillas lursailean aurkitutako aztarnak desagertutako umeenak izan daitezkeela baieztatu ostean. Fernandez Diazek azaldu duenez, epaileak izapide berriak egingo ditu txosten horien egiazkotasuna bermatu eta ikerketa bukatutzat emateko asmoz.
Gogorarazi duenez, Poliziak txosten bat sinatu zuen iazko azaroan, eta bertan, aurkitutako gorpuzkiak “animalia txikien hezurrak” zirela ziurtatzen zen. Haurrak desagertu eta bi egunetara eginiko azterketa horretan aurkitutako aztarnak haurrenak zirela ukatzen zen.
Dena den, Ruth Ortiz haurren amak beste ikerketa bat egiteko baimena eskatu zion Poliziari, eta epaileak eskaera onartu zuen.
“Aditurik onenetarikoa”
Bi txosten horien kontraesanen ondorioz, ministroak azaldu du Poliziak hirugarren ikerketa bat egiteko eskatu ziola Jose Maria Bermudez de Castrori, “hortzetako antropologian dagoen munduko aditurik onenetarikoa” eta Atapuercako aztarnategian lanean egondakoa.
Bermudez de Castrok abuztuaren 22an emandako irizpenaren arabera, “aurkitutako gorpuzkiak 6,22 urteko ume bati dagozkie”, eta kalkulu horrek 43 eguneko errore-marjina eduki dezake askoz jota.
Bi txostenen arteko beste kointzidentzietako bat aztarnak aurkitu ziren sutzarrari dagokio, bietan kalkulatzen baita sua 650-800 gradu ingurura hel zitekeela. Horretarako, metalezko plaka bat erabili zen ikertu beharko da.
“Akats zientifikoa”
Txosten horien egiazkotasuna baieztatuko balitz, “akats zientifiko baten aurrean egongo ginateke”, Fernandez Diazen iritziz.
“Eskribau onenak ere akatsak egiten dituenaren errefraua erabiliko nuke” esan du, Polizia Zientifikoaren lana goraipatu aurretik. “Gertatutakoaren egia ezagutzeko epaileak agindutako beste izapideei itxaron beharko diegu”, gaineratu du.
Bretonek bere abokatuari: ‘Erabat faltsua da, ezinezkoa’
Jose Bretonen esanetan, “erabat faltsua da, ezinezkoa”, bere seme-alaben hezurrak egotea Las Quemadillas lursailean aurkitutako su-hondarren artean, eta guztia ezeztatu du. Horren abokatuaren arabera, Breton “bere barnean erabat konbentzituta dago hezur horiek ez direla bere seme-alabenak, eta ez direla hezurrak”.
Horrela babestu du bere burua Bretonek, Jose Maria Sanchez de Puerta abokatuaren bitartez.
Ehunka pertsonak Ruth eta Jose gogoratu dituzte, isilean
Ehunka pertsonek, 'Ruthegatik eta Josegatik Justizia Plataforma'k deituta, Kordoban kontzentrazio bat egin dute, astelehen gauean; isiltasunez eta kandelez beteriko martxa bat izan da, eta Ruth eta Jose gogoratu dituzte, duela hamar hilabete baino gehiago desagertutako haurrak.
Ibilbidean zehar, Catalina Bretonen (Jose Bretonen arreba) etxearen paretik pasatu dira, eta kandela batzuk utzi dituzte bertan. Geroago, haurren irudiaren azpian aingeru batzuk ipini dituzte.