Itxi

Gizartea

BIZKAIA

Itsasgorak uholde arriskua ekarriko du berriz goizaldean Erandion

AGENTZIAK | EITB MEDIA

17:00etako itsasgorak ez du arazorik eragin, baina 05:50ekoa berriz ere arriskutsua izango dela ohartarazi dute erakundeek.

0:12
Erandio. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Erandioko bizilagunak euren ondasunak babesten ari dira une honetan, goizaldean berriz ere uholdeak sortzeko arriskua izango baitute, 05:00etarako aurreikusita dagoen itsasgoraren ondorioz.

Gaur goizaldean itsasadarrak gainez egin du Erandion, eta, ondorioz, zenbait etxabe, denda eta garaje urak hartu ditu Altzaga erdialdeko kale jakin batzuetan.

17:00etako itsasgorak ez du arazorik sortu herrian, baina orain 05:50ean etortzekoa dena da kezka nagusia.

Goizean, Udalak krisi mahaia aktibatu du. Krisi-mahaian hartutako erabakien artean, Udaleko Obretako Brigadak eta Enplegu Planeko kideek zakuak banatu dituzte, eta "nahi zuenari bere negozioen edo atarien aurrean horma txikiak altxatzeko aukera ere eskaini diote".

Gainera, Babes Zibilak operatibo berezia egingo du "badaezpada ere", eta Udaltzaingoak txandak aldatuko ditu eta bere zerbitzuak handituko ditu "hurrengo itsasgora handia izan daitekeelako".

Udalak azaldu duenez, Udal Lanetako Brigada eta Enplegu Planeko kideak "merkatariei, negozioei, establezimenduei edo partikularrei laguntzen ari dira".

Udaleko arduradunek adierazi dutenez, "sektore batzuetatik 'botatzen ari zaie' gainezkatze hori Erandio eta Barakaldo lotzeko malekoian egiten ari diren oinezkoentzako zubiko obrei, baina adituek gezurtatu egin dute hori".

Itsasgoraren ondorioz, itsasadarrak gainezka egin du, eta, ondorioz, zirkulazioa San Antonio kaletik desbideratu behar izan dute, hirigunean. 7:45ean, normaltasuna berreskuratu da BI-711 errepidean, eta ibilgailuek hirigunetik ibiltzeari utzi diote.

Bestalde, Bilboko Udalak arreta eskatu du itsasadarraren inguruan, Zorrotzaurren, marea biziak direla eta.