Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekidea sastatzeagatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
31 urteko ustezko erasotzaileari hilketa saiakera delitu bat leporatzen diote. Bestalde, zauriak sendatzera ospitalera eraman zuten emakumeari senda-agiria eman diote goizaldean.
Gasteizko Udaltzaingoak 31 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, bikotekideari izterrean labankada bat emateagatik.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 092 telefono-zenbakian dei batzuk jaso zituzten, Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean bikote-eztabaida gogorra zegoela ohartarazteko.
Bertaratutako agenteek etxebizitzaren beheko solairuko eskailera-buruan emakume bat aurkitu zuten, izterrean zaurituta. Biktimak ertzainei esan zienez, bikotekideak labankada eman zion, eta etxebizitza barruan zegoen. Gertakariak ikusita, agente batzuk emakumearekin geratu ziren, lehen laguntzak emateko, eta anbulantzia bat eskatu zuten.
Bien bitartean, beste agente batzuk ustezko erasotzailea zegoen lekura sartu ziren, eta haren senideekin elkarrizketatu ziren, gertakarien unean etxebizitzako beste gela batean baitzeuden.
Bertsio guztiak entzun ondoren, poliziak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, eta emakumea ospitalera eraman zuten zauriak sendatzera. Gaur goizaldean eman diote alta.