Gizartea
Ibaiko fauna
Izokina sekula iritsi gabeko lekuetara ailegatu da Nafarroan, Iparraldean uharka zahar bat eraitsi ostean
agentziak | eitb media
1775a baino lehen Ugaranen eraikitako presagain bat da, arrain gehienentzat oztopo gaindiezina zena.
Iparraldean jaiotzen den Ugarana ibaian zegoen uharka zahar bat eraisteak sekula iritsi ez zen lekuetaraino (erregistroak daudenetik behintzat) eraman du izokina Nafarroan.
Gainbeheran dagoen espezie horrentzat albiste aparta da hori, ibaiaren eta itsasoaren artean egiten duen bizitza zikloa burutzeko oztopoak kenduta bizirauteko aukera gehiago izango dituelako eta aurre egin ahal izango dielako emari baxuko ibaiei eta tenperaturaren gorakadari, ur hotzagoetara eta oxigeno gehiago dutenera iritsi ahalko delako.
"Ez dakigu uharka noiz eraiki zen zehazki, ez dugu datua aurkitu, baina badakigu 1775an eraikita zegoela" eta XX. mende hasierara arte irin errota batek erabiltzen zuela. Ondoren, harri birrintzaile bat elikatzen zuen, azaldu dute eraisketa sustatu duen arrantzaleen federaziotik.
Bost metroko altuera zuen azpiegiturak, eta oztopo gaindiezina zen arrain guztientzat, aingirarentzat izan ezik. Azken horrek lortzen zuen igarotzea baldintza hidrologiko jakin batzuetan.
Open Rivers proiektu europarraren laguntzarekin, 2023ko udan eraitsi zuten, eta hilabete batzuk geroago, abendu amaieran, dozena erdi izokin iritsi ziren Urdazubira arrautzak errutera, lehenengo aldiz erregistroak daudenetik.
Izokinak eta beste espezie batzuk (aingira, amuarraina eta burtaina) arrautzak erruteko toki egokiagoak izatea da holako neurrien helburua, hau da, arrainak ur hotzagoetara iristea tenperaturen gorakadatik ihesi.
Azken urteotan izokin kopurua nabarmen murriztu da, horregatik, debekatu egin dute arrantzatzea Nafarroan 2023an eta 2024ean, eta espeziearen egoera antzekoa da Kantauri isurialde osoan.