Itxi

Gizartea

Emakumeen Nazioarteko Eguna

Zaintza sistema publikoaren aldeko aldarriek kaleak bete dituzte M8ko manifestazioetan

EITB Media

"Zaintzarekin negoziorik ez!" oihua ozen entzun da euskal hiriburuetan Emakumeen Nazioarteko Eguneko martxetan.

  • Bilboko manifestazioaren une bat. Argazkia: EFE

    Bilboko manifestazioaren une bat. Argazkia: EFE

Milaka emakume kalera atera dira berriz martxoaren 8ko manifestazioetan, matxismoari planto egin eta zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko, testuingurua gero eta ilunagoa den honetan. Izan ere, negazionismo feminista gora egiten ari da etengabe, batik bat gazteen artean, eta gizartearen sentsibilizazioan atzerapausoak ikusteko arriskua gero eta nabariagoa da.

Horren aurrean, mugimendu feministak manifestazio jendetsuak deitu ditu Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Baionan eta beste hainbat lekutan, berdintasunaren alde borrokatzeko grinak bizirik dirauela erakusteko.

Horietan guztietan gehien entzun diren aldarrietako batzuk hauek izan dira: "Zaintzarekin negoziorik ez", "Etorkizunik ez zainketarik gabe", "Eskubideak denontzat" eta "Gora borroka feminista" klasikoa.

Manifestazioak eguneko zita garrantzitsuenak izan dira, ohi bezala, baina ez bakarrak. Horren ildotik, erakundeek, alderdiek eta sindikatuek ere ekitaldiak eta agerraldiak egin dituzte, berdintasunaren aldeko beste lelo batzuk ozen zabaltzeko. Besteak beste, adineko emakumeen papera, etxeko lanak eta etxeko langileen lan-baldintzak izan dituzte hizpide.

1:48

Emakume zaintzaileen "esplotazioa"

Mobilizazioen aurkezpenean Euskal Herriko Mugimendu Feministak salatu zuenez, egungo "sistema heteropatriarkal kapitalistak emakumeen lan-indarra esplotatzen du, bai etxean, bai enpleguan, baita zaintza-lanetan ere". Azpimarratu dutenez, emakumeek "doan eta inolako aitorpenik gabe" egiten duten lan horrek "zuzenean prekarietatera eta etengabeko zapalkuntza-egoeran bizitzera" kondenatzen ditu.

Horien arabera, neurri handi batean, emakume atzerritarren gain egon ohi dira zaintza-lanak, eta emakume horietako askok "esplotazio" egoeran edo baldintza penagarrietan egiten dute lan. Horrez gain, egoera irregularrean eta legeen mehatxupean aritzen dira asko. Beraz, egoera hori irauli eta zaintza-sistema publikoa eraikitzea aldarrikatu dute.

Halaber, emakume palestinarrekiko "elkartasuna eta maitasuna" ere oso presente egon da gaur, baita, nola ez, "indarkeria matxistaren ondorioz hildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neska guztiak" ere.

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ere dei egin die herritarrei mugimendu feministek eta emakumeen elkarteek martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioetan "aktiboki parte hartzeko".

Emakunderen aurtengo kanpainak "Zuetaz harro" leloa du, adineko emakumeek berdintasunari eta, zehazki, emakume gazteenen ahalduntzeari egiten dioten ekarpena aitortzeko. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "ahalduntzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako eraldaketa sozialerako baldintza eta bermea da; emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dago berdintasunik".

Horrela, Emakundek gizarte osoa gonbidatu du Berdintasunaren eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzen Aldeko Herri Itunean parte hartzera.