Gizartea
Barne ikerketa
Ertzaintzak ikerketa abiatu du Reala-PSG partidaren atariko istiluetan emakume bat zauritu zela eta
EITB Media
Andrazkoa erietxean dago buruaren atzealdean zauria duela. Ertzaintza emakumearen senitartekoekin harremanetan jarri da, eta auzitegiko mediku batek egingo dio azterketa zauria zerk eragin zion argitzeko.
-
Hainbat ertzain, Real Arenan, asteartean.
Ertzaintzak ofiziozko ikerketa abiatu du Realaren eta PSGren partidaren atarian Reale Arenan izandako istiluetan emakume bat zauritu zela eta. Emakumeak kolpea jaso zuen buruan, eta erietxean dago, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez.
Oharrean diotenez, Ertzaintza biktimaren senitartekoekin harremanetan jarri da, eta epaitegiari eskatu dio auzitegiko mediku batek azterketa egitea, zauria zerk eta nola eragin zion argitu dezan.
Halaber, Barne Ikerketarako Unitateak probak bilduko ditu Reale Arenaren inguruetan, tartean segurtasun kameren irudiak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen esku utziko ditu datuak, iker ditzan.
Jaurlaritzaren esanetan, bere asmoa da "lesioen jatorria zehaztea eta gertatutakoak guztiz argitzea, jardun poliziala gardentasunez aztertzeko konpromisoa beteta".
Segurtasun Sailaren arabera, zortzi agente zauritu ziren herenegun.
Bestalde, ERNE, ESAN eta Sipe sindikatuek ere barne ikerketa egitea eskatu dute, "berehala". Diotenez, dispositiboan "ardura eta erantzukizuna" zuten pertsonak "Ertzaintzaren protokoloen aurkako agindua eman zituzten, baita irrati bidez ere, agenteak arrisku larrian jarrita".