Itxi

Gizartea

DATUEN BABESA

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak debekatu egin dio Worldcoini milaka lagunen irisa eskaneatzen jarraitzea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Enpresa duela hilabete batzuk hasi zen boluntarioen irisa eskaneatzen, kriptomonetetan konpentsazio ekonomiko baten truke. Datuak Babesteko Espainiako Agentzia jarduera horren inguruko lau salaketa ikertzen ari da, eta, kautelaz, jarduera hori debekatzea erabaki du.

  • Pertsonen irisa eskaneatzen duen tramankulua. Irudia: EITB

    Pertsonen irisa eskaneatzen duen tramankulua. Irudia: EITB

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak Worldcoin enpresa behartu du, kautelaz, Espainian duen jarduera etetera, eta debekatu egin dio milaka pertsonaren irisa eskaneatzen eta datu pertsonalak modu horretan biltzen jarraitzea.

Enpresa duela hilabete batzuk hasi zen munduko hainbat lekutan boluntarioen irisa eskaneatzen kriptomonetetan ordain ekonomiko baten truke, eta argudiatu du biltzen duen informazio guztia anonimoa dela eta erabiltzaileek uneoro mantentzen dutela beren datuen kontrola.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak otsailaren 20an baieztatu zuen jarduera horren inguruko lau salaketa ikertzen ari zela, eta kautelaz erabaki du enpresari debekatzea jarduera horrekin jarraitzea, Mar España erakundeko zuzendariak asteazken honetan Madrilen emandako prentsaurrekoan jakitera eman duenez.