Gizartea
Euskalmet
Otsailean, normalean baino 2,5 gradu tenperatura altuagoak eta barnealdean % 70-100 euri gehiago
EITB Media
Horrela, otsaila hilabete "oso beroa eta hezea" izan da. Izotz egunen kopurua ohikoa baino txikiagoa izan da, eta nabarmentzekoa da Arabako Errioxan ez duela izotzik bota hilabete osoan.
-
Deba ibaia, Mendaron (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Irekia
Otsaila "oso beroa eta hezea" izan da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta tenperaturek "2,5 graduko anomalia positiboa" izan dute, eta barnealdean ohikoa dena baino % 70 eta % 100 euri gehiago bota du. Ondorioz, iabiek gainezka egin dute hainbat arrotan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez.
Agentziak otsailaren 22ra arte izandako "tenperatura altuak" azpimarratu ditu, eta horrek "hilabete osoan 2,5 graduko anomalia positiboa" suposatu du. Otsaileko batez besteko tenperaturak 12-13 gradu ingurukoak izan dira kostaldean, eta 7-8 gradukoak Arabako Lautadan.
Hilaren hasieratik 22ra arte, "egun beroak izan dira nagusi, batez bestekoa baino 8 eta 12 gradu gehiagoko anomalia nabarmenekin", Euskalmetek azaldu duenez.
Hala, 13tik 15era erregistratutako tenperaturak nabarmentzen dira, 27,2 gradu Oletako (Amoroto) estazioan edo 26 gradu Muxikan, baita goizaldean Higerren (Hondarribia) izandako gutxieneko balioak ere, 21 gradu, eta Oiartzunen 19,4 gradu.
Ildo beretik, izotz egunen kopurua ohikoa baino txikiagoa izan da, eta nabarmentzekoa da Arabako Errioxan ez duela izotzik bota hilabete osoan.
Tenperatura horiekin batera, "normalean baino intsolazio txikiagoa" izan da kostaldean, gutxi gorabehera % 11 eguzki-ordu gutxiago, eta, aldiz, ohikoa baino intsolazio handiagoa isurialde mediterraneoan, % 5 eguzki-ordu gehiago Arabako Lautadan eta % 20 gehiago Arabako Errioxan. Hiriburuen artean, Bilbok 86 orduz eguzkia izan du, Donostiak 95 ordu eta Gasteizek 113.
Prezipitazio ugari
Hilaren 22tik aurrera gertatu zen aldaketaren ondorioz, prezipitazio ugari izan dira otsailean, eta ibai ugarik gainezka egin dute, baita elurra ere kota ertainetan.
Euskalmentek zehaztu duenez, metaturik handienak "ohiko lekuetan" eman dira. Horrela, Eskaseko (Goizueta) estazioak 419,8 litro metro karratuko hartu ditu, eta Ibai Ederrekoak (Azpeitia) 319,7 l/m2. Aldiz, baliorik txikienak Arabako Errioxari dagozkio (57,8 l/m2 Moredan).
Agentziak azpimarratu duenez, barnealdeko eremu handi batean ohikoa dena baino % 70 eta % 100 arteko euri gehiago egin du. Bestalde, elurra behin baino gehiagotan bota du maila ertain eta altuetan, baina geruza nabarmenik pilatu gabe.
Horrela, euri egunen kopurua "normala baino handiagoa" izan da: 14 egun Kantauri isurialdean eta 11 Mediterraneo isurialdean.
Otsailaren 26an eta 27an izandako euriak eguneko gehieneko prezipitazio markak gainditu ditu Gipuzkoako eta Arabako zenbait puntutan (besteak beste, Berastegin 107,6 l/m2 erregistratu dira). Ondorioz, gainezka egin dute Kadagua, Deba, Urola Oria eta Zadorra ibaiek.
10 alerta eta 39 abisu
Otsailean zehar, Eusko Jaurlaritzak hamar alerta laranja ezarri ditu. Horietatik bi prezipitazioengatik izan dira, bi haizeagatik, lau nabigaziorako arrisku eta olatuen altueragatik eta bi kostaldeko inpaktuagatik. Azkenik, 39 abisu hori ere ezarri dira.