Gizartea
ELA
Heriotzaren Harana tandemean zeharkatu du DaleCandela elkarteak, ELA gaitzari ikusgarritasuna emateko
EITB MEDIA
Jaime Lafitak 650 kilometro egingo ditu tandemean, AEBko hego-mendebaldeko sakongunea idorrean. Apirilaren 6an abiatuko da Bilbotik, eta hamabost eguneko espedizioa egingo du.
-
Artxiboko irudia. Argazkia: DaleCandela
'Heriotzaren Harana tandemean'. Goiburu hori du DaleCandela elkarteak alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) bistaratzeko eta gizartea sentsibilizatzeko abian jarriko duen hurrengo ekimenak. Oraingoan, Jaime Lafitak 650 kilometroko bidea egingo du tandemean Kaliforniako (AEB) Heriotzaren Harana zeharkatuz, zortzi etapatan banatuta.
Bilbon abiatuko da espedizioa apirilaren 6an, eta bizkaiko hiriburuan bertan amaituko da bi aste geroago, apirilaren 21ean, dokumental baten emanaldiarekin. Ekimen guztia DaleCadela elkartearen sare-sozialetan jarraitu ahal izango da zuzenean.
Lafitari 2016an diagnostikatu zioten ELA gaitza, eta handik hiru bat urtera, lagun talde batekin elkarlanean, elkartea sortu zuen. Ordutik, askotariko ekintzak antolatu dituzte, beti helburu hauekin: ELA gaitzari ikusgarritasuna ematea, ikerketarako dirua biltzea eta gizartea sentsibilizatzea.
Oraingoan ere, tandema aukeratu dute ibilbidea egiteko, antolatzaileen hitzetan, ELA gaixotasunarekin baduelako nolabaiteko "antzekotasuna": "ELA dutenen errealitatearen ispilua da tandema: gai dira aurrera egiteko, baina beti norbaiten laguntza behar dute", azaldu dute.
Proiektu berri honetarako hautatu duten tokiak ere badu bere azalpena. DaleCandelaren arabera, medikuntzan 'Heriotzaren Harana' kontzeptua erabili ohi da ikerketan aurrera egin ezinda atzean geratu diren proiektuei buruz aritzeko. Kasu gehienetan, finantzazio ezagatik ez atzera ez aurrea geratu diren egitasmoak dira. Horregatik jarri dio Lafitek bere buruari erronka hau.
Ibilbidean zehar Kaliforniako hainbat laborategi ere bisitatuko dituzte, eta neurologian punta puntako ikerketak zuzentzen ari diren adituekin egoteko aprobetxatuko dute.