Itxi

Gizartea

Denboralea

Eurite iraunkorren eraginez, zenbait ibaiek gainezka egin dute egunean zehar

Mikel Dominguez | EITB Media

Ibaien emariak maila berdera edo horira itzuli dira. Metro karratuko 160 litrora arte bildu dira azken 24 orduan. Pirinioetan elur jausien arriskua dago, pilatutako elur kopuru handiagatik.

0:44
Irura. Argazkia: EFE.

Azken eguneko prezipitazio iraunkorren ondorioz, uholdeak izan dira, zenbait ibaik gainezka egin dutelako, eta luiziak eta ur-putzuak zenbait errepidetan.

Goizean, arreta Gipuzkoako, Gasteizko, Iruñeko eta Cadagua ibaietan (Bizkaia) egon da jarrita. Eguerditik aurrera, mailak egonkortu egin dira eta jaisten hasi dira, Oria ibaiaren arroan izan ezik, bertan denbora gehiago behar izan baita egoera normalizatzeko.

Jose Antonio Aranda Euskalmeteko meteorologia arduradunak azaldu duenez, "arazo txiki asko, baina ez orokorrak ezta larriak ere" espero zituzten, eta iragarpenak bete dira.

Gipuzkoan, Oria eta Urola ibaiak maila gorrira heldu dira.

Azken bi egunean erdialdean izandako prezipitazio iraunkorrak izan dira ibaiek gainezka egitearen arrazoia. Euriterik handienak Leitzaranen izan dira, Berastegin (Gipuzkoa): 160 litro metro karratuko.

15:00etan, Euskalmetek abisu meteorologiko guztiak desaktibatu ditu, eta arratsaldean prezipitazioak ia desagertu dira.

Iruñean, Arga ibaiak ur-emaria altu baina "egonkortuta" mantentzen du, Foruzaingoaren arabera; hala ere, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioari dagokionez, zenbait gune itxi dituzte. Garraio publikoa normaltasunera itzuli da.

Arazoak goizean

Gipuzkoan, 10:00ak inguruan, Lasarteko estazioa (Oria ibaiaren arroan) maila gorrira iritsi da. Deba, Urola eta Urumea ere maila laranjara iritsi dira.

Villabonan, Lasarten, Andoainen, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan ibaiak gainezka egin du. Etxabeetan eta garajetan sartu da ura, baina ez du arazo handirik sortu.

Lurraldeko errepide batzuk itxi behar izan dituzte: N-634 errepidea, Deba eta Mendaro artean, bi noranzkoetan, uholdeen onodrioz; A-636 errepidea (Beasain-Bergara artean, Beasaingo norabidean), Antzuola parean, lur-jausi baten ondorioz, eta N-1 errepideko errei bat, Idiazabalen, Arabarako noranzkoan.

Araban, arretagunea hiriburuan egon da, Batan ibaiak gainezka egin duelako. Ibai hori Zadorraren adarra da, eta Gasteizko hegoaldeko auzoei eragin die. Sareak ezin izan du ur guztia xurgatu, estoldek ura bota dute eta Araba eta Salbatierrabide kaleak itxi dituzte.

Gasteizko landa-eremuan ere izan dira euri-jasa handiko egunetako ohiko gorabeherak. Arkautin eta Margarita inguruan animaliak erreskatatu behar izan dituzte.

N-104 errepidean, Elorriaga parean, errei bat itxi dute, eta, ondorioz, zirkulazioa Salburua auzotik desbideratu behar izan dute.

Tresponden ere arazoak izan dira errepidean, ur-putzuek eraginda, baita A-3302 errepidean ere, Estarrona eta Martioda artean, eta A-3310 errepidean, Pobes eta Manzanos artean.

Erriberagoitian, urak metro eta erdiko altuera izan du A-3310 errepidean, Mimbredo parean.

Nafarroan, arretagunea Iruñerria izan bada ere, bereziki Atarrabia, orain Ebro da. Foru Gobernuak Uholdeen Planaren 1. maila aktibatu du, baina ez du aurreikusten "inolako arriskurik herritarrentzat".

Amparo Lopez sailburuak adierazi duenez, eragina "nekazaritza-lurretan" izango da.

Goizean, ur-putzuetan harrapatuta geratu diren bidaiari batzuk erreskatatu dituzte errepidean. Ororbian eta Arazurin gertatu da.

Uraren eraginez, zirkulazioa eten egin da zenbait lekutan, eta ibaiek eta gainezka egin dute Etxalarren (Bidasoa), Larraintzarren (Ultzama), Zizurren (Arga).

Arazoak txikiagoak izan dira Bizkaian. Arreta Cadagua ibaiak bereganatu du, maila laranjara iritsi baita.

Elurra Pirinioetan

Nafarroako Ametek ohartarazi du Pirinioetan elur asko dagoela pilatuta. Azken egunetan negu osoan baino gehiago bota du. Nafarroako suhiltzaileek, gainera, elauso "handiez" arriskuaz ohartarazi dute, zorua desegonkorraren eta haizearen ondorioz.