Gizartea
OPOR SOLIDARIOAK
"Oporrak Bakean" ekimenak 300 familia behar ditu haur sahararrak hartzeko uda honetan
EITB MEDIA
Programa honen bitartez, haur sahararrek uda basamortutik eta errefuxiatu kanpamentuetatik kanpo pasatzeko aukera dute, eta euskal familiek bi hilabetez laguntza eman eta beste kultura batekin elkarbizitzeko aukera.
-
Hiru emakumek aurtengo kanpainaren kartelari eusten. EITBren bideo batetik hartutako irudia.
"Oporrak Bakean" saharako haurrei Hego Euskal Herrian oporrak igarotzeko harrera programaren 38. edizioa aurkeztu dute gaur Donostian. Saharako gatazka politikoa ahaztu, osasuna indartu eta beste errealitateak ezagutzeko aukera ematen diete 8-12 urteko haurrei.
Aurten saharar errefuxiatuak hartzeko harrera familia kopuruak dexente gora egitea nahi dute. "Oporrak Bakean" programak pandemia aurreko kopuruetara iritsi nahi du eta 300 umeri harrera eman nahi diete. Pandemian etenda egon zen programa eta ondoren, 153 haur ekarri zituzten 2022an eta 183 2023an.
Udan, uztaila eta abuztua bitartean, bi hilabetez Saharatik etorritako haurrak Hego Euskal Herrian egoten dira bertako familietan aterpe hartuta eta egonaldi honek on handia egiten die zentzu guztietan. Mediku azterketak egiteko aprobetxatze dute, hondartza edo igerilekuetan bainatzeko eta festetaz gozatzeko, besteak beste.
Mohamed Fadel Mojtar Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak azaldu duenez, muturreko baldintza klimatiko eta ekonomikoetan bizi dira haur hauek Tindufeko kanpamenduetan.
Garazi Etxebarria Hamadako Izarrak Elkarteko kideak eta Estibaliz Barrio harrera familia bateko kideak ekimenak bi aldeentzat dituen onurak azpimarratu dituzte.
Apirilaren 15erarte egongo da "Oporrak Bakean" programan izena emateko epea irekita.
Interesa duten familiek Oporrak Bakean webgunearen bidez, oporrakbakean@gmail.com emailera idatziz edo telefonoz deituz: 665 711 947 (Araba), 658 751 359 (Bizkaia) eta 696 014 786 (Gipuzkoa) jarri daitezke harremanetan ekimeneko arduradunekin.