Gizartea
Eguraldia
Olatu handiengatik ezarritako abisuak astelehenera arte luzatu dituzte
eitb media
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak itsasorako eta kostarako ezarritako abisuak astelehenera arte luzatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak itsasorako eta kostarako ezarritako abisuak astelehenera arte luzatu dituzte.
Olatuek kostan izango duten eraginagatik ezarritako alerta laranja berriro abiatuko da 15:00etatik 19:00etara. Gainera, alerta laranja egongo da 18:00ak arte nabigaziorako, eta abisu hori ondoren, gauerdira arte.
Igandean bertan behera geratuko dira alerta laranjak, baina abisu horiak egongo dira egun osoan nabigaziorako, eta kostako eraginagatik goizaldeko lauetatik seietara.
Gainera, beste abisu hori bat gehituko zaie haize gogorragatik, bereziki mendebaldeko mendialdean, 100 km/h-tik gorako ufadak espero baitira.
Oso haizetsuak ez diren lekuetan 60-80 km/h abiadura harrapatuko du haizeak, Araban batik bat.
Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea itxita egongo da gaur itsas-gora pasatu arte, hau da, 18:00ak aldera arte. Errepidea itxita dagoen bitartean, lurralde eremuko ordezko ibilbide gisa AP-8 autobidea eta N-634 errepidea (Zumaia-Getaria) erabiltzea gomendatu du Aldundiak, eta ibilbide lokal gisa, berriz, Zarautz - GI-2633 (Meaga) - GI-3391 - Getaria ibilbidea.
Astelehenean beste hiru abisu hori daude. Lehena, nabigaziorako egun osoan, olatu handiak eta haize gogorra espero direlako. Beste biak olatuek kostan izango duten eraginagatik jarriko dituzte: 05:00etatik 07:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Lau eta bost metro arteko olatuak izango dira.
Iragarpena
Gaur, egunaren lehenengo partean eguraldiak ildo beretik jarraituko du. Zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu, sarriago eta indar handiagoz Kantauri isurialdean; trumoi-ekaitza eta txingorra izan daitezke. Egunsentian elur-kota 500-600 metro inguruan egon daiteke, goiza aurrera joan ahala igo eta eguerdi aldera 800 metrora kokatuko da. Haizeak mendebaldetik joko du, kostaldean indartsu. Arratsaldetik aurrera atertzera egingo du eta haizea hegoaldera aldatuz joango da; egunaren amaieran elur-kota 1000 metro inguruan egongo da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da.
Igandean hego-mendebaldeko haize gogorra izango dugu hizpide. Haize zakar horren eraginpean, tenperaturak gora egingo du, batez ere Kantauri isurialdearen mendebaldean. Egunaren hasieran elur-kota 1000 metro inguruan egongo da, baina gero igo eta 1500 metrotik gora kokatuko da. Egunaren hasieran giroa goibela izango da eta euria egingo du, gero atertzera egingo du eta ostarteak zabal daitezke; gauean euritara joko du berriro.
Astelehenean fronte hotz aktibo batek Kantauri itsasoa zeharkatuko du. Goizean tarteka euria egingo du, batez ere ipar partean. Arratsaldean, ordea, euria denera zabalduko da, mardul egingo du, eta leku batzuetan etengabe egin dezake. Gainera, azken orduetan ekaitzak jo dezake Kantauri isurialdean. Mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin goizean haizeguneetan eta arratsaldean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura nabarmen jaitsiko da eta elur-kota 1000-1100 m inguruan kokatuko da.
Asteartean tenperaturak berriro egingo du behera, eta euria egingo du.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.