Itxi

Gizartea

OSAKIDETZA

Osakidetzako plantilla estrukturala 1.431 lanpostutan handituko da, 32.442raino

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Osakidetzak 1.431 lanpostuko Lan Eskaintza Publiko bat egitea onartu du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. EH Bildurentzat, ordea, ez da nahikoa eta plantilla estrukturala 3.600 lanpostutan handitzea eskatu du.

  • Gizon-emakumeak Osakidetzako lan eskaintza publiko baterako azterketa egiten

    Gizon-emakumeak Osakidetzako lan eskaintza publiko baterako azterketa egiten. EFE

Osakidetzan 1.431 lanpostuko Lan Eskaintza Publiko bat egitea onartu du gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, eta, hortaz, prozesua amaitzen denean plantilla estrukturala 32.442koa izango da.

Jon Aiartza EAJren legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa nabarmendu du Osakidetzako lantaldea "handitzeko, berritzeko eta egonkortzeko".

Ildo horretan, azpimarratu du oraindik irekita dauden Lan Eskaintza Publikoak (2018-19, 2020-2021-2022 eta egonkortze prozesua) egikaritzen direnean 11.000 lanpostu baino gehiago egonkortuko direla, plantillaren herena.

Horrez gain, Aiartzak Osasun Sailari eskatu dio jarraitu dezala Osakidetzako egiturazko plantilla handitzen eta lan eskaintza publiko berriak egiten.

EH Bilduk legez besteko proposamen bat eraman du Eusko Legebiltzarrera Osakidetzako plantilla estrukturala indartzeko. Zehazki, plantilla estrukturala % 11 handitzea proposatu du, beste era batera esanda, 3.600 lanpostu.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko eztabaidan salatu duenez, Osakidetzak lanpostuak "suntsitzeko" baliatu ditu egonkortze prozesuak.