Itxi

Gizartea

Nafarroa

Ez dago delitu zantzurik Barañainen ibaian hilda agertutako emakumearen kasuan

Agentziak | EITB Media

Itxura guztien arabera, ostiralean aurkitutako gorpua Gabriela Reyesena da, duela bi hilabete Iruñean desagertutako emakumearena. Lehen zantzuen arabera, 35 urteko emakumea itota hil zen, beste pertsona batzuen esku-hartzerik gabe, baina ikerketa zabalik dago oraindik.

  • Bilaketa-lanak, Arga ibaian EFE.

    Bilaketa-lanak, Arga ibaian EFE.

Ostiralean Arga ibaian Barañainen aurkitutako gorpua Gabriela Reyesena dela uste dute ikertzaileek. Lehen zantzuen arabera, Argan topatutako emakumea itota hil zen, beste pertsona batzuen esku-hartzerik gabe. Edonola ere, ikerketak zabalik jarraitzen du. 

Gabriela Reyes jatorri dominikarreko Iruñeko bizilaguna abenduaren 7an desagertu zen, Nafarroako hiriburuko Sanduzelai auzoko taberna batetik irten ondoren.

Orduz geroztik, Espainiako Poliziak lan eskerga egin du kameren grabazioak berrikusten eta gau hartan egin ahal izan zuen ibilbidea berreraikitzen.

Arga ibaian ere bilaketa lan sakona egin dute, arrakastarik gabe, eta Reyesen senideek hainbat elkarretaratze egin dituzte emakumea bilatzeko lanekin jarraitzea eskatzeko. Azkenean, ostiral honetan aurkitu dute haren gorpua omen dena, ibaian, Barañain parean, azken aldiz bizirik ikusi zuten tokitik hiru kilometrora.

Kasua sekretupean badago ere, eta gorpua identifikatzeko probak egiteko badaude ere, Espainiako Poliziak aurreratu duenez, "zoritxarrez, badirudi abenduaren 7tik Iruñeko Sanduzelai auzoan desagertutako emakumearena dela gorpua".

Hilotza Arga ibaiko zurrunbilo batean aurkitu zuen oinezko batek, jende ugari ibili ohi den pasealeku batean, inguruan haurrentzako parke bat eta jateko mahaiak dituena, Barañaingo etxebizitzetatik eta Volkswagenen fabrikatik gertu.

Gorpuaren aurkikuntzaren berri izan ostean, elkarretaratzea deitu dute iganderako Iruñeko Sanduzelai auzoan.