Gizartea
KAZETARITZA
Behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatu dio Poloniak Pablo Gonzalez kazetariari
EITB MEDIA
Otsailaren 28an bi urte beteko ditu Polonian preso.
-
Pablo Gonzalez kazetaria, artxiboko irudi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Otsailaren 28an, Pablo Gonzalez kazetariak bi urte beteko ditu Polonian preso. Atzo, Lublingo Apelazio Auzitegiak ebatzi zuen behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatzea, Publico egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.
2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukraina eta Polonia arteko mugatik gertu, Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zenean. Poloniako Barne Segurtasuneko Agentziak Gonzalezi egotzi zion lanbidea baliatzea Errusiako inteligentzia militarraren aldeko ekintzak ezkutatzeko.
Zortzigarren aldiz luzatu diote presoaldia kazetariari. Ia bi urteko epean, ordea, ez dute haren aurkako frogarik aurkeztu, eta oraindik ez dago epaiketarako datarik.
Amnistia Internazionala (AI), Mugarik gabeko Kazetariak eta prentsa alorreko beste erakunde batzuek kazetaria aske uzteko eta giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute. Gonzalezen senide, lagun eta lankideek #FreePabloGonzalez elkartea sortu dute berriemailearen "eskubideen aldeko borroka" bideratzeko eta legezko babesa eskaintzeko.