Gizartea
Haur Minbiziaren Mundu Eguna
EAEn minbizia duten haurren biziraupena % 80koa da bost urtera
EITB Media
Heriotza tasa pixkanaka, baina modu progresiboan, ari da behera egiten, diagnosian zein tratamenduetan egindako hobekuntzak direla-eta.
-
Osasun langile bat minbiziadun haur bat artatzen. Argazkia: Irekia
Gaur, ostegunarekin, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna da. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtero milioi bat biztanleko 160 pertsonari (mutiko gehiago, neskatoak baino, % 58 eta % 42, hurrenez hurren) eragiten dion gaixotasuna da.
Nazioarteko egunaren harira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko Minbiziaren Erregistroaren azken datuen (1990-2016 aldia) berri eman du, eritasuna gainditzearen aukeraz datu baikorrak ematen dituztenak. Hala, minbizia duten 15 urtetik beherako gaixoen biziraupena hobetu egin da Euskadin, eta % 80koa da bost urtera (gaixotasunaz libre) ohikoenak diren tumore gaiztoen kasuan.
Osakidetzaren arabera, egun diagnostikoan zehaztasun handiagoarekin egiten da lan, eta aukera terapeutikoak ere asko hobetu dira. Bi baldintza horiei esker hobetu dira datuok. Hori horrela, pixkanaka bada ere, baina modu progresiboan, behera egiten ari da heriotza tasa (1999-2018 epea). Linfomen kasuan, esaterako, haurren heriotza tasa nabarmen jaitsi da.
Linfomak dira, leuzemiekin batera, umeen artean ohikoenak diren minbiziak, ia erdia baitira (% 47). Horien atzetik daude nerbio-sistemako tumore gaiztoak (% 15) eta beste tumore solido batzuk, hala nola neuroblastomak, ehun bigunetako sarkomak eta hezurretako tumoreak (% 38).