Gizartea
Istripu hilgarria Gipuzkoan
Ertzaintza Hernaniko A-15 errepidean izandako istripuaren lekukoak bilatzen ari da
EITB Media
Pertsona bat hil zen astearte honetan A-15 errepidean, Hernani parean izandako motor istripu batean. Bestalde, asteazken honetan beste motozale bat larri zauritu da Azkoienen (Nafarroa), furgoneta baten aurka talka eginda.
-
Hernaniko A-15 errepidea, istripuaren tokia. Irudia: Donostiako suhiltzaileak
Ertzaintza atzo arratsaldean A-15 errepidean, Hernani parean, izandako trafiko-istripuaren lekukoak bilatzen ari da. Bertan, motozikleta bateko bidaiaria hil zen eta bigarren bat zauritu.
Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du, istripu horri buruzko informazioren bat eman dezaten. Horretarako, Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitatearekin jar daitezke harremanetan 943539119 telefono-zenbakira deituta.
Ezbeharra atzo, asteartea, 18:30ean gertatu zen, A-15 errepidean, Hernani parean, Karabel auzotik gertu. Motozikleta bat bidetik atera zen Donostiarako noranzkoan zihoala. Ibilgailuko bidaiarietako bat hil egin zen, 62 urteko gizona, eta bestea Donostiako Ospitalera eraman zuten, istripuaren ondorioz erori zen ibaitik atera ondoren.
Bestalde, asteazken honetan beste motorzale bat larri zauritu da Azkoienen (Nafarroa) furgoneta baten aurka talka egin ostean.
Foruzaingoak jakinarazi duenez, ezbeharra 08:36an gertatu da, NA-115 errepideko 27. kilometroan, eta errepidea itxita geratu da. Honenbestez, zirkulazioa beste errepide batetik desbideratu behar izan dute.
Anbulantzia bat, helikoptero bat eta suhiltzaileak bertaratu dira, Tafallako eta Tuterako Foruzaingoaren patruilekin batera. Zirkulazioa bideratu dute eta bidea moztu dela seinaleztatu dute.
Istripua Azkoienen (Nafarroa). Argazkia: Foruzaingoa