Gizartea
Istripu larria Gipuzkoan
Motozale bat hil da A-15ean, Hernanin, kontrola galdu eta errepidetik atera ostean
EITB Media
Hildakoa motorrean zihoan, beste bidaiari batekin batera. Bigarrena ibaira erori eta zauritu da. Ondorioz, Donostiako Ospitalera eraman behar izan dute, uretatik atera ondoren.
-
Ezbeharra gertatu den tokia, Hernanin (Gipuzkoa). Irudia: Donostiako suhiltzaileak
Pertsona bat hil da gaur A-15ean, Hernanin (Gipuzkoa), motor istripu batean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Istripua arratsaldeko 18:30 aldera gertatu da, Karabel auzoan, Hernanin. Donostiarako noranzkoan zihoan motor batek kontrola galdu du, oraindik ikertzen ari diren arrazoiengatik, eta errepidetik atera da.
Hildakoa motorrean zihoan, beste bidaiari batekin batera. Bigarrena ibaira erori eta zauritu da. Ondorioz, Donostiako Ospitalera eraman behar izan dute, uretatik atera eta bertan artatu ostean.
Gipuzkoako hiribururantz auto-ilarak sortu dira. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, istripua nola gertatu den argitzeko.
Aurten Gipuzkoan hil den hirugarren motorzalea da. Izan ere, urtarrilaren 21ean, Getarian, 58 urteko motor-gidari bat hil zen, eta sei egun geroago, Azpeitian, 44 urteko gizon bat.