Itxi

Gizartea

ERASOA

Bizkaibuseko gidari bat erasotzen saiatu da gizon bat arma zuri batekin Bilbon

AGENTZIAK | EITB MEDIA

ELA sindikatuak erasoak sahiesteko eta gidarien segurtasuna babesteko "bitarteko gehiago" eskatu dizkie erakundeei.

  • Artxiboko irudia

    Artxiboko irudia.

Bizkaibuseko gidari bat erasotzen saiatu zen gizon bat, joan den igandean, arma zuri batekin. Zehazki, 3925 lineako ibilgailu batean izan zen eraso saiakera, Bilboko Hurtado Amezaga kaleko geltoki batean.

ELA sindikatuak eman du gertakariaren berri, gaur zabaldutako ohar batean. Bertan zehaztu duenez, autobusa irtetear zela, gidariak gizon bat ikusi zuen autobusaren aurrealdean, haizetako-garbigailua ukitzen. Geldi egoteko eskatu omen zion, eta une horretan, autobusaren atzealdera joan eta atea ireki zuen erasotzaileak. Txoferrak berriro kargu hartu, eta orduan mehatxatu zuen gidaria labana batekin. Inguruan zebilen Ertzaintzaren patruila batek gertatzen ari zena ikusi, eta gidaria babestea lortu zuen,  oharrak jasotakoaren arabera.

Horren aurrean, erasoak saihesteko eta gidarien segurtasuna babesteko "bitarteko gehiago" eskatu dizkie erakundeei ELAk. "Ezin dugu ahaztu, kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundia dela zerbitzu hori ematearen arduraduna", gehitu du sindikatuak.