Itxi

Gizartea

ABISU METEOROLOGIKOA

Zaintza sistemak prest kostaldeko herrietan, goizaldeko itsasgora "historikoa" izan daitekeelako

EITB MEDIA

Itsasgora 06:11n izango da, eta bat egingo du olatu handiengatik ezarritako abisu horiarekin, 05:00etatik 07:00etara egongo baita indarrean.

0:43

Eusko Jaurlaritzak drainatze-sistemak eta estolderia prest izateko gomendatu die EAEko kostaldeko herriei, astelehen goizaldeko itsasgora "historikoa" izan daitekeelako.

Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du asteleheneko 05:00etatik 07:00ak arte, itsasertzeko inpaktuagatik. Itsasgora 06:11n izango da, 5,19 metroko marearekin. Marea "bereziki bizia" izango da, eta, beraz, "kostaldeko lehen lerroan urak gainezka egiteaz gain, beste eremu batzuetan ere egon daitezke uholdeak", ohartarazi du Segurtasun Sailak.

Gainera, 09:00etatik 15:00etara, abisu horia ezarriko dute haizeteengatik. Hego-mendebaldeko haizea goizean goiz ipar-mendebaldera aldatzea espero da, bizitik gogorrera igaroko da eta ufadek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete itsasertzeko haizeguneetan.

Ordu tarte horretan, nabigaziorako arriskuagatiko abisu horia ere ezarriko dute. Haizeak gogor joko du, eta itsaso kizkurra sortuko da. Olatuen altuera adierazgarria 2 metro ingurukoa izango da egunaren hasieran, 3 edo 3,5 metrora igoko da goizean, eta behera egingo du arratsaldean, azken orduetan 2 metro inguruan geratzeko.

Bilbo, Donostia, Zumaia, Zarautz, Irun eta Pasaia dira alertan dauden herrietako batzuk.

Ipar Euskal Herrian, itxi egin dute otsailaren 18ra arte Hendaiatik Ziburura doan La Corniche edo Erlaitzeko bidea, eta Errobi nahiz Aturri ibaiek gainezka egiteko arriskua dagoela ohartarazi dute, Baionan gehienbat.

Donibane Lohizune eta Biarritzeko hondartzak itxita egongo dira astelehen eguerdira arte.