Itxi

Gizartea

Nafarroa

Barbaten hildako guardia zibilaren alargunak uko egin dio Marlaskak domina jartzeari

Agentziak | EITB Media

Ehunka lagunek agurtu dute David Perez Sarrigurengo bizilaguna, Iruñeko katedralean egin den hiletan. Bestetik, Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du igande honetan, ostiralean Barbaten (Cadiz) hildako guardia zibilen familiei elkartasuna erakusteko adierazpena. 

  • David Perezen aldeko hileta-elizkizuna, Iruñeko katedralean. EFE.

    David Perezen aldeko hileta-elizkizuna, Iruñeko katedralean. EFE.

David Perez Carracedo Sarrigurengo guardia zibilaren alargunak uko egin dio Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak hilkutxan domina bat jartzeari, igande honetan Guardia Zibilaren Iruñeko Komandantzian jarritako hil-kaperan. Guardia zibila narkolantxa batek harrapatuta hil zen, ostiralean, Barbaten (Cadiz). 

Hil-kaperan bildutakoen arabera, Marlaska Guardia Zibileko agente batek zeraman domina hilkutxan jartzeko jasotzera joan denean, alargunak geldiarazi egin du ministroa; izan ere, horren esanetan, senarrak "ez zuen nahi izango" hura izatea domina hori jarriko ziona.

Iturri horiek azaldu dutenez, bertaratutako batzuek txalotu egin dute alarguna. Azkenik, domina zeraman agentea arduratu da domina hilkutxan jartzeaz. 

Hil-kaperaren ostean, Nafarroako agintariak eta herritarrak Iruñeko katedralean egin den hileta-elizkizunean bildu dira, Barbaten hildako David Perez Carracedoren familiari eta gertukoei babesa emateko.

Hildako guardia zibilaren lankideek hunkituta egin diote harrera hilkutxari, elizaren sarreran pasilloa eginez. Atarian zain ziren dozenaka lagunek txaloka hartu dute hilkutxa, autoa iritsi denean. 

Hildako agentearen kideek eraman dute hilkutxa katedral barrura, Espainiako banderak estaltzen zuela eta txalo artean. Atzetik sartu dira agentearen alarguna eta senideak, eta, ondoren, agintariak. Bien bitartean, Guardia Zibilaren musika-bandak Espainiako ereserkia interpretatu du.

Ekitaldian, besteak beste, Maria Chivite Nafarroako presidentea, Amparo Lopez Barne kontseilaria eta Alicia Echeverria Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria izan dira.

43 urteko guardia zibila Sarrigurengo (Nafarroa) bizilaguna zen, eta bertan bizi zen emaztearekin eta 9 eta 6 urteko bi semeekin. Guardia Zibilaren Ekintza Azkarreko Taldeko kidea zen.

Iruñeko Udalaren oharra

Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du igande honetan, ostiralean Barbaten (Cadiz) hildako guardia zibilen familiei elkartasuna erakusteko adierazpena. 

"Beren funtzioak betetzen ari zirela Cadizeko Barbate herrian Guardia Zibilaren bi agenteren heriotzaren aurrean, horietako bat Sarrigurengo bizilaguna izanik, Iruñeko Udalak, Bozeramaileen Batzarra egin ondotik, bere egiten du familien eta Guardia Zibilaren mina. Intimitate- eta atsekabe-uneak dira, guztiontzat. Har dezatela atseden bakean", dio Udalak onartutako testuak.

Epailearen esku, astelehenean

Bi guardia zibilen heriotzagatik atxilotutako zortzi lagunak astelehen goizean eramango dituzte epailearen aurrera, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Horietako sei narkolantxan zihoazen, tartean F.J.M.P. 46 urteko pilotua, La Linea de La Concepcionekoa, hainbat polizia-aurrekari dituena.

Beste bi atxilotuak Sotograndera ibilgailu batean haien bila joan ziren bi gizon dira. Barbateko portuaren sarreran identifikatzera joan ziren agenteei eraso egin eta ihes egin zuten biek.

Herriko epaitegi batek hartu du bere gain auzia.